Añorga berdea nahi dute
Dozenaka bizilagunek bat egin dute Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Añorga Txikin egin duen zuhaitz landaketarekin.
Añorga berdeago baten aldeko zuhaitz landaketa egin dute Añorga Txikiko mendi-magal batean. Euri zaparradei aurre egin diete bizilagunek, eta ehun zuhaitz landatu dituzte udalaren lursail batean. Azkenaldian Añorgan iragarri dituzten hirigintza proiektuak kritikatu dituzte landaketan hainbat pankartaren bidez; izan ere, Haritzalderen ustez, historikoki eta gaur egun auzoko lur naturalak artifizializatu egin dituzte.
Añorga berdea arriskuan jarriko duen azken proiektua da Belartza Goikoan egingo duten logistika zentro handia: 102.395 metro koadroko logistika zentro bat eraikitzea aurreikusten da. Horrekin batera, zortzi solairuko hotel bat, gasolindegi bat, ostalaritzarako lursail bat, aparkaleku bat eta logistikarako bi pabiloi (32.000 eta 14.000 metro koadrokoak).
Ez da bakarra. Añorga Txikin etxebizitza gehiago egiteko hirigintza plan bat ere badago. Atotxarrekako muinoa eraikuntza enpresei prezio merkeetan saldu izana eta luxuzko etxebizitzak eraiki izana ere kritikatu dute.
Haritzaldek nabarmendu du Añorgak natura, izaera, ondarea eta kohesioa zaindu eta gorde behar dituela. Zuhaitz landaketaren bidez politika berdeen beharra aldarrikatu dute, eta hauek promesa huts bat izan beharrean, egikaritu egin behar dituela udalak.
Aurrerantzean ere Añorgan zuhaitz gehiago landatzeko jarduerak antolatuko dituela plazaratu du Haritzaldek.