Ehunka pertsona kalera atera dira mugetako indarkeria salatzera
SOS Arrazakeriak antolatuta, 'Hilmugak' lelopean egin dute Arrazakeriaren Aurkako 26. martxa. Trintxerpetik Donostiara bidean ozen adierazi dute inor ez dela legala.
Euskal Herria harrera herria!, Heriotza gehiago ez mugetan!, Paperak denontzat edo denok paperik gabe! Atzerritarren Legeak egunero hiltzen du jendea! Arrazakeriaren aurkako hamaika lelo zabaldu dituzte gaur Trintxerpetik Donostiara bidean. Jende andana elkartu da SOS Arrazakeriak antolatu eta ia 50 eragilek gehiagok babestu duten martxan. Euripean hasi dute protesta, baina Ategorrietan atertu egin du, eta bidean zehar jende gehiago batu da martxa antiarrazistara. Grosen, Zurriola pasealekuan, Taupada sanba taldea batu da, eta berehala alaitu dira martxaren jarraitzaileak.
Mugetako egoeran jarri nahi izan dute fokua aurten. SOS Arrazakeriako Imanol Legardak azaldu du iaz zehazki Bidasoako mugako egoera salatu zutela, eta arten, Melillako mugan gertatutako sarraskiaren ondoren, berriz ere mugetako indarkeriaren inguruan ohartarazi nahi izan dutela jendea: “Europako Batasunari eta Europako gobernuei eskatu nahi diegu bermatzea giza eskubideak defendatzen direla. Badago borondate politikoa, badaude lege onak, baina ez dira legeak bermatzen, eta sarraskiak gertatzen dira egunero. Jende asko hiltzen da mugetara iritsi aurretik. Bidasoako kasua daukagu gertuen”.
Helmugak hilmugak izan ez daitezen berehalako neurriak hartzeko eskatu du Fernanda Candidak, martxaren bozeramaileak-. “204tik 2022ra gutxienez 46.622 pertsona hil dira mugetan. Benetako kopurua askoz ere handiagoa da. Eta non dago muga? Zenbat hildako gehiago behar dira neurriak hartzen hasteko? Gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa da mugetako indarkeriaren konplize izan nahi ez dugunok ahotsa altxatzea. Europako Batasunari modu seguru eta legalean iristea baimenduko duten neurriak eskatzen dizkiogu”. EHUko A!Esan ikasleen elkarteko kidea da Candida. EHUko komunitate arrazializatutik sortu da egitasmoa, arrazializatutako pertsonen errealitateaz kontzientziatzeko. Aurtengo martxaren bozeramaileetako bat izan da, eta berak irakurri du euskarazko testua. Espainiar nazionalitatea lortu berri du. Ia bi urte behar izan ditu dokumentua lortzeko, baina aitortu du bere kasuan errazagoa izan dela, normalean 3 edo bost urte behar izaten delako. Brasilen jaio zen, eta ondoren, 8 urterekin, Bilbora joan zen bizitzera. Egun psikologia ikasketak egiten ari da Donostiako fakultatean.
Hizki bakarra aldatuta, lelo indartsua lortu dute
Ohi bezala, Usandizaga Institutuko Diseinuko ikasleek egin dute martxaren leloa eta komunikazio kanpaina guztia. Olatz, Joseba, Ainhoa eta Lauritz izan dira gaurko martxan. Azaldu dute mugen inguruko gogoetan helmuga hitzaren inguruan bueltak ematen hasi zirela, eta konturatu zirela hizki bakarra aldatuta, oso hitz indartsua sortzen zela, eta salaketa egiteko oso lelo eraginkorra zela. Hainbat pertsonaren helmuga izan daitekeena, hilmuga ere badela ohartarazi nahi izan dute. Martxaren ohiko kolore hori eta beltzarekin, alertarako seinale bihurtzea izan da euren asmoa. Ikasle askok aitortu dute kanpaina prestatzeak arrazakeriaren inguruko beste ikuspegi bat eman diela. Gainera, aurtengo taldean jatorri desberdinetako ikasleak izan dira, eta denek izan dute euren bizipenak konpartitzeko aukera.