Gerratik ihesi erbesteratu ziren 10.400 ume omendu dituzte Donostian
1936. urtean, gerrako lehen hilabeteetan, ume askok ihes egin zuten. Zehazki, 10.400 izan ziren Gipuzkoatik ateratakoak. Atzo, 87 urte geroago, horietako batzuk izan ziren Donostiako Kursaalean, Gipuzkoako Foru Aldundiak gerrako umeei egin zien omenaldian.
Intxorta 1937 elkarte memorialistak dokumentatu ditu haur horiek guztiak. Duela bi urte eta erdi hasi ziren ikerketarako informazioa biltzen.
150 bizirik daude oraindik eta horietatik ehun bat izan ziren larunbatean Kursaalen. Ukrainako gerrako haurrak ere gogoratu dituzte gerra guztiek eragiten dutelako sufrimendua haurrengan.
Fernando Bernuesek zuzendutako omenaldian, Iñaki Salvadorren eta Easo Haur Abesbatzaren musika izan zen, eta Kukai dantza taldea, Andoni Egaña eta Maite Arruabarrena taldeek ere parte hartu zuten. Ekitaldia amaitzeko, oholtzara igo ziren protagonistek haurrak zireneko testigantzak eman zituzten ezagutzera.
Gerrako haurrak identifikatzeko azterketa
Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gerra Zibiletik ihesi erbestean ezagutu zituzten haurren memoria identifikatu eta berreskuratzeko ikerketa amaitu dute. Europa osoko hainbat artxibotan bilatu eta erbesteratuen eta haien senideen testigantzak eta datuak jaso ondoren, elkarteak 10.232 kasu identifikatu ahal izan ditu: 5.053 gizon eta 4.960 emakume. Azterketa amaitu bada ere, izen berriak aurkituz gero, prestatzen ari diren datu-basean sartuko dira. Datu base hau datozen asteetan argitaratuko dute foru erakundearen webgunean.
Gerrako umeen memoria berreskuratzeko ahalegin horretarako, duela bi urte lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Helburua gerran jaiotako haurrak identifikatzea izan da: jaioterria, izen-abizenekin eta, posible izan den kasuetan, beren argazki bat eta historia labur bat lortzea.
Bi urte eta erdiko lanaren ondoren, Gipuzkoako 56 udalerri identifikatu dira adingabe horien jatorri gisa, eta beste 246 pertsonen inguruan ez dago informaziorik. Erbesteratutako haur gehienak Donostiatik atera ziren (3.681), Irundik (1.590), Hondarribitik (609) eta Pasaiatik (571) ihes egin zuten. Baina bi kasu ere aurkitu dira Abaltzizketan, Elgetan, Lazkaon eta Zegaman, eta kasu bana Altzon, Zizurkilen, Zaldibian eta Asteasun.