Be Club aretoak bere bosgarren urteurrena ospatuko du aste honetan
Parte Zaharreko Be Club aretoak bost urte bete ditu, eta ostegunetik (hilak 23) larunbatera (hilak 25) ospatuko du, askotariko emanaldiekin.
Ostegunean, jam session saio bat antolatu dute 20:00etan, eta musikari ugari igoko dira oholtzara, hainbat estilotako abestiak jotzera. Ondoren, gauerdian, Derk DJ-a ariko da musika jartzen. Ostiralean, funk musika izango da nagusi, FD Funk taldeak joko baitu 23:00etan (10 euro, han bertan). Azkenik, larunbatean, Aitorpenak pop taldeak joko du 20:00etan (5 euro, han bertan).
Be Cluben aurretik, Be Bop izeneko jazz areto ezagun bat egon zen urte luzez Salamanca pasealekuko lokal horretan, baina, duela bost urte, Be Club bihurtu zen.