Bretxako hogei postuk deskontuak egingo dituzte asteazkenetan
Asteazken honetatik aurrera (martxoak 22), Bretxako merkatuan deskontuak egingo dituzte asteazkenero, “erosketa saskia betetzen laguntzeko”. Merkatuko hogei bat postuk bat egin dute egitasmoarekin, eta Bretxako Merkatuko Elkarteko presidente Salvador Agirrek azaldu duenez, bi helbururekin abiatu dute deskontuen egitasmoa: “Deskontu hauek une zail hauetan gure bezeroei laguntzeko balioko dute, eta, aldi berean, egitasmoak merkatu tradizionalak sustatzeko balioko digu”.
Elkarteak azaldu duenez, Bartzelonako merkatuetan denbora daramate halako egitasmoak sustatzen, eta Bilboko La Riberan joan den astean hasi ziren astean behin deskontuak egiten. “Helburua da bezeroek saskiak preziorik onenean betetzea. Herritarrei krisi, KPI-aren gorakada eta inflazio garai hauei aurre egiten laguntzeko modu bat da. Postu bakoitzak produktu fresko baten eskaintza berezia egingo du, eta guztiak oinarrizkoak izango dira. Asmoa ahalik eta eskaintza zabalena izatea”, azaldu du Agirrek.
Deskontuen zenbatekoa ez da homogeneoa izango, eta merkatari bakoitzak bere beharren arabera ezarriko du. “Ez dugu bezeroen ekonomia konponduko, baina erosketa saskian aurreztea lortuko dute”, gehitu du elkarteko presidenteak.