Errugbia Anoetara itzuliko da larunbatean
Eliteko errugbia Anoetako estadiora itzuliko da asteburu honetan, Frantziako ligako partida bat jokatuko baitute larunbatean. Aviron Bayonnais eta Pau taldeak ariko dira aurrez aurre, ligako seigarrena eta hamahirugarrena, hurrenez hurren. 17:00etan izango da neurketa, eta ostiralean egingo dituzte entrenamenduak bi taldeek Anoetan bertan: 11:00etan Pauek eta 17:00etan Aviron Bayonnaisek. Norgehiagoka ikusteko sarrerak agortuta daude.
Larunbatekoa ez da Anoetako aurtengo errugbi partida bakarra izango, udan Top 14 txapelketako finalerdiak jokatuko baitituzte estadio donostiarrean.