Zer egin Manteo berdea babesteko?
Ulia Auzo Elkarteak antolatuta, 'Manteo eta Zemoria parkeak. Ondare publikoaren espoliaziorik ez' hitzaldia egin dute Okendo Kultur Etxean.
Donostiako Udala eta komunikabide batzuk “desinformazio kanpaina” bat egiten ari direla, salatu du auzo elkarteak, eta Okendo Aldeko hirigintza proiektuari buruzko informazio gehiago emateko antolatu zuten hitzaldia. “Manteoko eta Zemoriako parkeen ustezko desagerpenaren aurrean gizartearen gehiengoa aurka dagoela ezkutatzen ari dira”, salatu du auzo elkarteak.
Nekane Aramendia eta Felix Soto auzo elkarteko kideak, EH Bilduko Markel Ormazabal zinegotziak eta Ahal Duguko Victor Lasa alkategaiak parte hartu zuten solasaldian. Antolatzaileek zehaztu zuten alderdi guztiak gonbidatu zituztela hitzaldira, baina EAJk eta PSE-EEk ez zutela erantzunik eman, eta PPk bazuela joateko asmoa, baina azkenean ezin izan zuela joan.
Manteon egitekoa zen 1980ko hamarkadako proiektu bat berreskuratu zuen Sotok. Aisialdirako parke bat aurreikusi zuten orduan. Orain, ordea, azken egitasmoan Basque Culinary Centerren bigarren egoitza egitea aurreikusi dute, eta plan honen arabera, soilik “pasillo txiki bat” utziko dute libre. BBCren egoitza egiteko proiektua zalaparta sortu du, udalaren jabetzako lursail bat unibertsitate pribatu bati utzi diotelako eta Grosen gelditzen diren azken berdeguneetako bat desagerraraziko duelako.
Hitzaldia bideoan grabatu zuten, eta jarraian ikus dezakezue: