Zorroaga egoitzako Ernio eraikina birmoldatuko dute, lau bizikidetza modulu independente sortzeko
Epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin, Gipuzkoako 30 adinekoen egoitzetan sustatuko dira plazak birmoldatzeko, sortzeko eta egokitzeko proiektuak. Datozen urteetarako hemeretzi zentrotan egokitzapen obrak egitea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gaur egun hiru zentro berri daude eraikitze prozesuan, beste hiru obren kontratazio fasean daude eta, 2030era begira, bost egoitza sortzea aurreikusten da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 34 milioi euro bideratuko ditu helburu horretara bi urtetan: 20 milioi euro aldundiak iaz jaso zituen COVID-19 funtsetatik, 10 milioi euro gehiago Next Generation funts europarretatik, eta 4 milioi euro gehiago Gizarte Politiketako aurrekontutik, egoitza zentroak egokitzeko.
Aldaketak Zorroagako egoitzan
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatua Donostiako Zorroaga egoitzan izan dira gaur. Azaldu dutenez, Zorroaga egoitza da zentroaren zati bat birmoldatzeko obrak egin behar dituzten hemeretzi egoitzetako bat. Zehazki, Ernio eraikina birmoldatzea aurreikusten duen proiektu globalak lau fase ditu. Lehenengo bietako obrak aste honetan bertan hasiko dira, eta obra osoak hemezortzi hilabete inguru iraungo dutela aurreikusi da. Eraikin horretan, gaur egun, adineko autonomoak eta lehenengo graduko mendekotasuna dutenak artatzen dira. 67 plaza ditu, eta erdia baino gehiago gela bikoitzetan daude.
“Ziur geunden egoitzako espazioak modu desberdinean antolatu behar genituela, zerbitzu pertsonalizatuagoa izateko eta pertsonengan zentratuagoa eskaintzeko. Pandemian bizitako esperientziak are nabarmenagoa egin du eraldaketa hori lehenbailehen hasteko premia. Ernio eraikinetik hasiko den aldaketa da, eta jarraipena izatea nahi dugu gure asistentzia-konplexuan”, azaldu du Aintzane Uriguen Zorroaga Fundazioko zuzendariak.
Birmoldaketak tamaina txikiko lau bizikidetza modulu independente sortzea aurreikusten du, eta horietako bakoitzak jangela eta espazio komun propioak izango ditu. Uriguenek azpimarratu duenez, banakako logelen kopurua “nabarmen handituko da” gela bikoitzen aldean: “Obrak amaitutakoan, logela bikoitz gutxi batzuk izango ditugu norbaitekin bizi nahi dutenentzat, eta 43 banakako. Helburua izango da arreta integral pertsonalizatuagoa ematea, etxekoagoa eta ez hain instituzionala, eta egoiliarren arteko bizikidetzan eta elkarreragin sozialean oinarritua”.
Aste honetan eraisteko lanekin hasiko diren obrek lau fase izango dituzte, 3.000.000 euroko aurrekontuarekin. 2023an ekingo zaie lehenengo biei, eta, horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak milioi bat euroko diru laguntza eman dio Zorroagari.