Aurtengo Donostia Kultura Poesia Lehiaketako irabazlea izan da Julen Apella berriztarra
Poesialdia egitarauaren baitan, gaur, martxoak 21, idazle gazteei zuzendutako Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren seigarren edizioaren sari banaketa egin da Udal Liburutegi Nagusian. Aurtengo saritua Julen Apella Santamaria izan da (Berriz, 1998), Postal bat desertuan obragatik.
Eli Tolaretxipik, Itxaro Bordak eta Aritz Gorrotxategik osatu dute epaimahaia, eta, Apella “ahots gazte baino sendo” bat dela nabarmendu dute: “Trebeki uztartzen ditu metaliteratura eta kritika soziala, hizkera landuz eta irudi iradokigarriak erabiliz, gogoetari bideak irekiz. Belaunaldi baten ahots gisa ere altxatzen da, baina aldarrikapena eta munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera lirismoz lantzen du”.
Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 eurokoa da; horretaz gain Imanol Larrinagaren margolan bat oparitu zaio eta Balea Zuria argitaletxeak aipatutako poemarioa argitaratuko du. Gainera, ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan Julen Apellak bere poemak errezitatu ahal izango ditu.
Apella Euskal Ikasketetan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak Masterrak egin zituen unibertsitate berean. Gaur egun euskara irakasle gisa ari da lanean, eta literaturaren esparruan hauxe da argitaratzen duen lehen lana.