Bretxako baserritarren postu berriak ez dira prest egongo udara arte
Martxorako ziren prest egotekoak Bretxako baserritarren postu berriak, baina martxoa aurrera doa, eta ez da hala izango. Astearteko tokiko gobernu batzordearen osteko prentsaurrekoan gaiarengatik galdetuta, Eneko Goia alkateak baieztatu du lanak atzerapenarekin doazela, eta postu berriak ez direla prest egongo uda ingurura arte.
Postu berrien proiektua iazko azaroan aurkeztu zuen Goiak, eta jakinarazi zuen lanak urtarrilean hasiko zituztela, eta martxorako prest egongo zirela postuak. Ordea, orain azaldu duenez, lanak “zailak” dira: “Aurrera doaz, baina ez gustatuko litzaizkiguken epeetan”.
Kristalezko pergola bat
Bretxako plaza berrantolatzean, kristalezko pergola batean kokatuko dituzte baserritarren postuak. Bakoitzak gehienez 5 metroko zabalera eta gutxienez 3,50 metroko altuera librea izango du. Kristalezko egitura osoak Bretxako merkatuaren aurrealdearen zabalera hartuko du, eta hormatik 20 zentimetrora egongo da, postu bakoitzaren markesina ixteko elementuek aurrealdea ez ukitzeko. Hain zuzen ere, postuak ireki eta itxi ahal izango dira plazako eremu hori gauetan libre uzteko.
Horrez gain, pergolaren albo batean plazaren lur azpira jaisteko kristalezko sarbide bat jarriko dute. Gogora dezagun, plazaren azpian dagoen merkatua Arrandegi eraikinaren beheko solairura lekualdatuko dutela. Lur azpian, berriz, egungo supermerkatua mantenduko dute.
Gogoratu behar da baserritarrak 2019ko martxotik daudela behin-behineko kokalekuan, Arrandegi eraikinaren aurrean, karpa zuri eta handi baten babesean –San Juan kaletik hara eraman zituzten Arkuak eraikina berritzeko–. Eguraldi txarrak eragindako kalteak eta pandemiak eragindako galerak jasan behar izan dituzte urteotan.