Illunbeko eremua eskuz aldatzeko kontratua bertan behera gelditu da
Illunbeko hirigintza proiektuaren beste lehiaketa publiko bat egin beharko du udalak, bi lursail publikoen kontratua eten ostean. Kontratu horren bidez, Larrain S.L. eta Loiola Gestion Inmobiliaria S.L. enpresak lursail publikoak eskuz aldatzekoak ziren. Eremuaren sarbidea hobetzeko lanak eta lursail bat aparkaleku gisa erabiltzeko erabilera pribatiboaren emakida aurreikusten zituen kontratuak. Horrela, kontratua atzera egindakotzat jota, aurreikusita zuten 371.175 euroko bermea konfiskatuko du udalak, eta kontratua adjudikatu gabe geldituko da.
Duela gutxi, antzeko zerbait gertatu zen Illunben, udalak ez baitzuen lortu Illunbeko eremu komertziala saltzea –zezen plaza salbuetsita dago–. 22 milioi eurokoa zen –22.006.276 euro– lehiaketa publiko bidez zehaztu zuten salmentaren prezioa. Horietatik 17.100.000 euro eskudirutan ordaindu behar ziren, eta 4.906.278 euro jarri behar ziren bide loturak egiteko. 2016an egindako akordioaren bidez, Moyuak eta Altuna y Uriak osaturiko aldi baterako enpresa elkarte adjudikaziodunak 17 milioi euroren truke erosi behar zuen aipaturiko eremua. Ordea, udalak kopuru hori ordaintzeko enpresa elkarteari hiru luzapen eman ostean, iazko abenduan azken data iraungi egin zen.
Illunbeko zezen plaza eta eremu komertziala udalaren jabetzakoak dira, baina bereizita daude. Eremu komertziala saltzeko lehenengo saiakeran porrota izan ostean, Eneko Goia alkateak urtarrilean iragarri zuen beste lehiaketa publiko bat egingo dutela horretarako. Goiak astearteko tokiko gobernu batzordearen osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, eremu horrekin zer egin aztertzen ari dira orain: “Merkataritza gune bat jartzea baztertuta, Miramongo Parke Teknologikoarekin uztartzea da aztertzen ari garen aukera, eremu horretan dauden eraikinak enpresentzako egokitzea”.
Zezen plazari dagokionez, udalak aurten abiatu nahi du eraikina eraldatzeko prozesua. Zehazki, askotariko erabilera izango duen pabiloi bihurtu nahi dute kirol eta kultur ekitaldiak har ditzan –orain arte bezala, baina eraikina egokituta–. Udalak 8 milioi euroko inbertsioa du aurreikusita zezen plaza pabiloi bihurtzeko. Inbertsio horri aurre egiteko hainbat aukera aztertzen ari dira, eta horietako bat da eraikinaren kontzesioa, urtarrilean azaldu zutenez.