Leire Salaberria ilustratzailearen erakusketa ikusgai Aiete kultur etxean

Leire Salaberria sortzaileak (Andoain, 1983) bere lanak erakutsiko ditu Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan martxoaren 22tik ekainaren 11ra. Donostian bizi den ilustratzaileak haur eta gazte literaturara bideratu ditu gehienbat bere irudiak. Bere ibilbidean zehar hainbat sari eta aipamen eskuratu ditu; besteak beste, Miamiko (AEB) Cuatrogatos Fundazioaren 2022ko saria jaso berri du.
Leire Salaberria Arte Ederretan lizentziatu zen Bilbon, eta Bartzelonan Haur Ilustrazio eta diseinu grafikoko gradu ondokoa egin zuen. Ilustratzaile ibilbidea 2011n hasi zuen. Arte Ederrak ikasten ari zelarik hasi zen erakusketak egiten eta, ordutik, bere lanak munduko herrialde ezberdinetan egon dira ikusgai. Bere obra, hurrenez hurren, Boloniako Haur Liburu Azokan, Ilustrazioaren VI. Katalogo Iberoamerikarrean (SM Fundazioak,Guadalajarako Nazioarteko Azokak eta El Ilustraderok sustatua), Sharjah International Book Fairen (Sharjah, Arabiar Emirerri Batuak) eta BIBen (Bratislavako Nazioarteko Ilustrazio Biurtekoa) erakusgai egoteko aukeratua izan da.
2011n argitaratu zuen bere lehenengo liburua eta, orduz geroztik, liburu andana ilustratu ditu Italian, Mexikon, Erresuma Batuan, Txinan, Txilen, Frantzian eta Espainian. Euskarazko hiru album irudidunen autorea da: Euria ari duenean (Pamiela, 2011), Hiltzaileak (Pamiela, 2014) eta Bat gehiago gara (Txalaparta, 2022). Beste hainbat lan ere ilustratu ditu.
Bere ibilbidean zehar hainbat sari eta aipamen eskuratu ditu. Besteak beste, 2014. urtean Sharjahko Nazioarteko Liburu Azokan ohorezko aipamena jaso zuen eta Etxepare Saria bitan irabazi du Euria ari duenean eta Hiltzaileak liburuengatik. La familia panda liburuak (euskaraz Bat gehiago gara izenburuarekin argitaratua) Miamiko Cuatro Gatos Fundazioaren 2022ko saria jaso berri du. Horrez gain, bere liburuetako batzuk beste hainbat hizkuntzatara itzuli dira.