Patio inklusiboak izango dituzte beste lau ikastetxek
Donostiako beste lau ikastetxetako patioak eraberrituko dituzte, inklusiboak izan daitezen; zehazki, hauetakoak: Ibai Ikastola HLHI, Aiete HLHI, Zuhaizti Ategorrieta HHI eta Amara Berri Urbieta HHI. Hala onartu du gaur udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak, eta Eneko Goia alkateak nabarmendu du patio inklusiboen helburua dela “jarduerak eta espazioen banaketa harreman berdinzaleagoak eta horien erabilera bidezkoagoa errazteko diseinatuta dauden jolaslekuak lortzea”. Modu laburragoan azalduta, “patioak soilik futbol zelaiez osatuta ez egotea” da helburua, Goiaren hitzetan.
Eskola horietako irakasleekin eta familiekin partaidetza prozesu bat egin dute proiektuak garatzeko. Lau ikastetxeetarako aurrekontua 387.164 eurokoa da, eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du %90a (348.448 euro); gainerako %10a udalak jarriko du (38.716 euro). Ikastetxe bakoitzera 96.700 euro inguru bideratuko dituzte.
Proiektua orain onartuta, Eusko Jaurlaritzari dagokion diru laguntza eskatuko dio udalak, lanak udan egiteko asmoz, ikastetxeetako lan gehienekin egin ohi duten moduan. Aurretik, udalak patio inklusiboak jarri ditu Aitor Ikastola Konkorrenean, Amara Berri Morlans ikastetxean, Arantzazuko Aman eta Zuhaizti Eskolan.