Donostiako hainbat eraikin horiz argiztatuko dituzte, Frantziako Tourra datorrela iragartzeko
Udaletxea, Kursaal jauregia eta Tabakalera horiz argiztatuko dituzte gaur, martxoak 22, eta bihar, Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta direla ospatzeko. Grand Départ Pay Basque 2023aren esparruan antolatutako jardueren barruan egingo dituzte argiztapen horiek. Izan ere, aurtengo Tourra Euskal Herriatik abiatuko da, eta lehen hiru etapak Bilbo – Bilbo, Gasteiz – Donostia eta Zornotza – Baiona izango dira.
Hori dela eta, gaur eta bihar, 20:00etatik aurrera, Tourraren kolore identifikatzaileaz jantziko dira udaletxea, Kursaal jauregia (bigarren etapako helmuga) eta Tabakalera kulturgunearen prisma.
Gainera, martxoaren 24an, udaletxean maillot erraldoi baten inaugurazio ekitaldia egingo da, Donostiako alkate Eneko Goiarekin eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanorekin. Ekitaldi horretako anfitrioi nagusia Christian Prudhomme izango da, Frantziako Tourreko zuzendaria. Gainera, egun horretan bertan, Bulebarreko turismo bulegoan, Trophy Tour oroigarria bisitatzeko aukera izango da. Bertan egongo da apirilaren 23ra arte, ondoren, Gasteizera eramango baitute.