Harrera familiak behar dira udan Saharako haurrak etxean hartzeko
Saharako haurrek udako oporraldia hemen igarotzea ahalbidetzen duen Oporrak Bakean martxan jarri dute aurten ere, Fronte Polisarioarekin elkarlanean. Bi hilabetez, haurrak basamortuko berotik aldendu, eta lagun berriak egiteko aukera izaten dute hemen. Bide batez, proba medikoak egiteko ere aprobetxatzen da egonaldia. Donostian, familiak behar dira aurtengo udan Saharako hamabost haur ekartzeko.
Oporrak Bakean programak udako bi hilabetetan 8 eta 12 urte bitarteko haur sahararrei harrera egitean datza. “Proiektua haur sahararrekiko elkartasunaren sinboloa da. Hizkuntza, kultura, ohitura, sinesmen edo ohitura desberdinak izan arren, esperientzia aberasgarria izango da parte hartzea erabakitzen dutenentzat”, adierazi du Ane Oiarbide Lankidetzako zinegotziak.
Aurten, Udako besarkada bat izango da programaren leloa. “Saharar herriarekiko elkartasun adierazpen bat da, Tindoufeko kanpamentuetan, Aljeriako basamortuan bizi baldintza gogorretan eta laguntza humanitarioari esker erbesteratuta 48 urte bete dituen saharar herriarekiko elkartasun adierazpen bat da”, azaldu dute.
Iaz, Oporrak Bakeani esker, 153 adingabe ekarri zituzten Euskal Herrira –Donostiara bost haur etorri ziren, lau familiatan banatuta–. 2023ko uda honetarako helburua kopuru hori bikoiztea eta 300 haur hartzea da. “Kopuru anbiziotsua da, ez baitira asko harrera horretara animatzen diren familiak. Uda honetan hamabost adingabe hartu nahi ditugu, eta, horretarako, gutxienez hamaika harrera-familia berri behar ditugu”, adierazi du Oiarbide zinegotziak.
Hitzaldi informatiboa
Egitasmo honen inguruko xehetasun gehiago azaltzeko asmoz, hitzaldi informatibo bat egingo dute udaletxeko Igeldo aretoan, martxoaren 29an, 18:00etan.