Intxaurrondoko establezimendu txikiak sustatzeko kanpaina abiatuko dute
Azken urteotan Intxaurrondoko Zaharreko establezimendu ugari itxi dituztela ikusirik, IZBE auzo elkarteak Intxaurkide kanpaina egin zuen iaz, auzoko establezimendu txikietan kontsumitzea sustatzeko eta auzo bizitza indartzeko. Aurten ere kanpaina egingo dute, eta Ipar Intxaurrondora ere zabaldu dute.
Horrela, kanpaina apirilaren 13an hasiko da eta hamabost eguneko iraupena izango du, apirilaren 28ra arte. Kanpainarekin bat egingo duten establezimenduetan kontsumitzen dutenei, erosketa bakoitzeko, zenbaki bat eramango duen txartel bat emango diete, apirilaren 28an egingo duten zozketan parte hartzeko. Zozketa auzo elkartearen lokalean egingo dute (Intxaurrondo kalea, 54), IZBE-ren 25. urteurrenaren ospakizunaren bueltan.
100 euroko hamar erosketa bonu zozkatuko dituzte. Saridunek bonuaren erdia saritutako txartela jaso zuten establezimenduan gastatu beharko dute, eta beste erdia kanpainan parte hartuko duen beste edozein establezimendutan. Saridunek hilabeteko epean gastatu beharko dituzte 100 euroak. Oraindik ez dute jakinarazi zeintzuk izango diren kanpainan parte hartuko duten establezimenduak, baina iaz, soilik Intxaurrondo Zaharrean egin zutenean, 35 establezimenduk hartu zuten parte, eta denetarik zegoen: saltokiak, tabernak, tailerrak eta abar.