Jon Insaustik dio 'Hondalea'-ren apirileko bisitek ez dutela kaltetuko irlako ingurune ekologikoa
Donostiako Udalak Santa Klara uharteko Hondalea eskultura ikusteko bisita gidatuak egingo ditu apirilaren 1etik 16ra. Parkea Bizirik, Eguzki, Bizilagunekin eta Haritzalde elkarteak erabaki horren kontra agertu dira, bisitek uharteko ingurune ekologiko eta soziala kaltetuko dutelako. Asteleheneko udal batzordeetan, bisita horien inguruko interpelazioa aurkeztu zuen EH Bilduk, eta Jon Insausti Kultura zinegotzia arduratu zen erantzuteaz.
Insaustiren arabera, apirileko bisitek ez dute “inolako kalterik” eragingo: “Cristina Enea Fundazioko ingurumen adituekin hitz egin dugu, eta adierazi digute ez dutela ingurunea kaltetuko”. Horrekin batera, Kultura zinegotziak esan zuen goizetan eta arratsaldetan soilik ordubetez bisitatu ahal izango dela eskultura. Bestalde, apirileko bisita gidatuen ondoren, ez da besterik izango maiatza erdialdera arte.