Zesta-punta ikastaroa eskainiko du Jon Zabalak Atano III.a pilotalekuan
Donostiako Atano III.a pilotalekura iritsiko da igandean (hilak 26) Zesta Punta Guuk Experience egitasmoa, Guuk telekomunikazio konpainiaren eta Jon Zabala Bullet Markina-Xemeingo puntistaren eskutik. Bullet Hego Euskal Herriko hainbat udalerri bisitatzen ari da, zesta-punta ikastaroak eskainiz.
Dagoeneko Bilbon eta Gasteizen egon da, eta Donostiatik pasatu ostean, Iruñera (apirilak 23), Durangora (maiatzak 21) eta Gernikara joango da (ekainak 4). Zesta-punta belaunaldi gazteetara hurbiltzea du helburu egitasmoak, eta zortzi urtetik gorakoek eman dezakete izena ikastaroetan, Guuken webgunearen bidez. Parte hartzaileek zesta-puntaren nondik norakoak ezagutu eta kirol hori praktikatu ahalko dute, bi orduz.
Bulleten ibilbidea
Zabala Markina-Xemeinen jaio zen 1988an, eta Bullet (bala) deitzen diote pilotak, bere jaurtiketetan, frontoian hartzen duen abiaduragatik. Pilotari profesional baten semea da, eta haurtzaroa Floridan bizi izan zuen, aita West Palm Beacheko frontoian zesta-puntan jokatzen ikusten. Han hasi zen zesta-puntaren munduan murgiltzen bera ere.
Pilotarien grebaren harira, zesta-puntak kolpe gogorra jasan zuen AEBetan, eta Markina-Xemeinera itzuli behar izan zuen. Herriko zesta-puntako eskolan entrenatzen hasi zen orduan, eta Berriatukoan gero. 19 urterekin egin zuen debuta profesional mailan, eta bere ametsa AEBetan jokatzea bazen ere, Filipinetan sortu zitzaion profesional gisa lehiatzeko aukera. Urtebete geroago itzuli zen, 2010ean, bere helburuak betetzen ez zirela ikusita.
Urte batzuez profesional izateko eta Amerikara joateko ideia ia alde batera utzita, Daniako frontoian aritzeko aukera sortu zitzaion, Floridan. Han, 4 urtez lehiatu zen, maila gorenean. Donald Trumpen agintaldia garai zaila izan zen, ordea, etorkinentzat, eta ez zioten bisa onartu. Etxera itzuli behar izan zuen, bisa lortzeko eta Floridan jokatzeko sei hilabetez borrokan aritu ondoren. Duela bi urte, Gernikako Jai Alai Winter Series txapelketa jokatu zuen —zesta-punta suspertzeko txapelketa garrantzitsua izan zen—, eta irabazi egin zuen.