Amara Berriko afari solidarioen lehen urteurrena ospatuko dute
Urtebete baino gehiago igaro da Amara Berriko Afari Solidarioak abian jarri zutenetik. Ordutik, kalean bizi den pertsonentzako afari asko prestatu eta banatu dituzte. Pertsona horietako asko migratzaileak eta errefuxiatuak dira.
“Udalak bere egin beharrak betetzen ez dituenaren kontziente izanda, bizilagun talde bat modu autogestionatuan antolatu ginen elkartasun komunitate bat osatzeko asmoz”, adierazi dute. Orain arte egindako bidea ospatzeko, larunbatean, hilaren 25ean, Amara Berriko Ferrerias plazan elkartuko dira lehen urteurrena ospatzeko. “Auzoak emandako elkartasuna eskertzeko eta ospatzeko aukera izango dugu, elkarrekin eta festa giroan”, nabarmendu dute.
Kalejira batekin hasiko dira 18:00etan, auzotarrei eskerrak ematearekin batera. 19:30etik aurrera, berriz, afaria eskainiko dute plazan. Eta azkenik, mikroa irekiko dute nahi dutenentzako eta munduko joko herrikoiak egingo dituzte.