Ehunka ikaslek Donostiako kaleak hartu dituzte hezkuntza euskalduna aldarrikatzeko
Hezkuntza euskaraz izango da lelopean, ehunka ikasle mobilizatu dira gaur eguerdian Donostian. Euskarazko hezkuntza sistema aldarrikatzeko asmoz, Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere egin dituzte mobilizazioak, Gazte Euskaltzaleen Sareak, EHUko euskara taldeek eta Ikamak antolatuta.
Deialdi hau babestu duten ikasleen arabera, “inoiz baino beharrezkoagoak” dira irakasle euskaldunen kontratazioa, euskarazko eduki didaktikoa, espazio fisiko euskalduna eta Euskal Herrira egokitutako eredua. “Borroka honetan lehen mugarri jarrita, aurrerantzean euskara aurrera eramaten jarraituko dugu, hori baita gaur hartutako hautua”, azaldu dute manifestu baten bidez.
Adierazi dutenez, datu soziolinguistikoek “aspalditik” adierazten dute euskararen jakintza maila gora doala, “erabilera beherantz doan bitartean”. “Ez dugu onartuko inposatu nahi diguten normalizazioa, zeinetan normala den zapalduaren posizioa irenstea. Guzti honetan hezkuntza prozesuak berebiziko garrantzia hartzen du, eta gure herriaren egoera linguistikoa iraultzeko oinarritik hasi behar dugu, hezkuntza sistematik”, nabarmendu dute.
Gazteek eta ikasleek hautua egina dutela azaldu dute, baina bidea ezin dutela beraiek bakarrik egin adierazi dute. “Euskal Herriko herri mugimenduarekin eta eragile sozial, sindikal eta politikoekin batera jokatu behar dugu partida, eta euskararen aldeko fase berri bat aktibatu behar dugu; aurrerapauso sendoak eta luzeak emateko gai izango dena. Elkarlanean eta norabide berean lan egitea dagokigu, bakoitza bere eremutik helburu orokorrera, Euskal Herria euskaldunera”, aldarrikatu dute.