Erakusketa bat, bisita gidatuak eta familientzako tailerrak eskainiko ditu Euskal Itsas Museoak Aste Santuan
Euskal Itsas Museoak helduentzako eta txikienentzako jarduera ugari proposatu ditu Aste Santurako. Alde batetik, bisita dinamizatuak eskainiko dituzte Moilak. Tradizioz Berritzaileak aldi baterako erakusketara. Erakusketa horrek azken bi mendeetan euskal portuek izan duten eginkizun garrantzitsua biltzen du: batetik, etengabeko berrikuntza ekonomiko, sozial eta teknologikorako guneak izan dira; eta, bestetik, Euskal Herriaren bilakaera historikoan eragin zuzena izan dute. Familia bisitak larunbatetan, apirilaren 1ean eta 15ean, izango dira 12:00etan.
Bisita gidatuak moiletan
Apirilaren 2an eta 8an, Moilaz Moila deituriko bisitak egingo dira Mutrikun eta Donostian. Bertaratzen direnek portu bakoitzaren historia ezagutuko dute museoko taldearen eskutik, eta berrikuntzak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.
Apirilaren 2an, 12:00etan, Mutrikuko portua bisitatuko dute, museoko zuzendariarekin batera, eta 13:00ean Mutrikuko olatu planta, Mutrikuko Turismo Bulegoarekin eta Geoparkearekin lankidetzan. Bisita honetan eskudirutan bakarrik ordaindu ahal izango da eta museoak ez du garraiorik eskainiko.
Apirilaren 8an Donostian izango da bisita. Euskal Itsas Museoan, 10: 30etan, Moilak erakusketan hasiera emango zaio bisitari. Ondoren, Donostiako portua ezagutuko dute eta, amaitzeko, dastatze txiki bat egingo da Kofradia Itsas Etxean.
Baga eta Boga familia-tailerra
Horrez gain, Baga eta Boga familia tailerra eskainiko da, non familiek portuko ohitura eta lanbide zaharrak zentzumenen bidez ezagutu eta berreskuratu ahal izango dituzten. Jarduera 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat zuzenduta dago. Tailerraren kostua 3 eurokoa izango da haur bakoitzeko, eta apirilaren 12an egingo da, 12:00etan.
Izen-ematea beharrezkoa izango da; webgunetik, Komunikazioa@itsasmuseoa.eus helbidera idatzita edo 943-43 00 51 telefonora deituta.