Frantziako Tourra hartzeak "antolakuntza lan handia" eskatu arren, "merezi" duela uste du Goiak
Eneko Goia alkateak adierazi du Frantziako Tourraren lehen etapak Euskal Herrian hartzea “antolakuntzarako erronka handia” dela, baina “merezi” duela. Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketa batean egin ditu adierazpen horiek, uztailaren 1ean Frantziako Tourra Bilbon hasteko falta diren 100 egunen atzera kontaketaren hasieran. Bigarren etapa Donostian amaituko da, eta hirugarrena bertatik igaroko da Baionara bidean.
Goiak gogoratu du 1992an Frantziako Tourra Donostiatik abiatu zela, eta antolakuntzak lan handia eskatzen duela, “ez delako txantxa bat”. Gainera, udan izateak lasterketaren antolakuntzaren kudeaketan “zailtasunak” ekarriko dituela uste du, uztailean Donostian egongo den bisitari kopuru handiagatik. “Egun horiek lan handia emango digute, baina merezi du. Uste dut merezi duela gure hirian horrelako proiekzioa duen kirol proba bat egitea. Herrialde gisa egin genuen apustua da, eta herrialde gisa ari gara lanean “, ziurtatu du.