Zurriolako kontzertuak Jazzaldian: Village People, Ezra Collective, Zetak eta beste
Iragarri dituzte 58. Jazzaldian Zurriolako hondartzan eskainiko dituzten kontzertuak, eta estilo askotarikoak izango dira. Zortzi kontzertu izango dira, egun bakoitzeko bi, uztailaren 21etik 24ra.
21ean, Village People (20:45) eta Fred Wesley & The New JBs (23:30) ariko dira; 22an, Blue Lab Beats (21:00) eta Viva Suecia (23:30); 23an, Arde Bogota (21:00) eta Tiken Jah Fakoly (23:30); eta, 24an, Ezra Collective (21:00) eta Zetak (23:30).
Pop musika, jazza, reggaea eta abar
Village People pop taldea aski ezaguna da, arrakasta handia izan baitzuen 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, YMCA eta Macho Man abestiekin, beste askoren artean. Jatorrizko taldekide gehienak dagoeneko ez daude taldean, baina Victor Willis jatorrizko abeslaria eta Russell Dabney jatorrizko bateria jotzailea Zurriolako oholtzara igoko dira, egungo taldekideekin batera. Uztailaren 21eko bigarren kontzertuari dagokionez, Fred Wesley tronboi jotzaile beteranoa da, funkaren eta musika beltzaren historiako konpositore eta moldatzaile onenetako bat, eta, besteak beste, James Brownekin, Tina Turnerrekin, Ray Charlesekin eta Maceo Parkerrekin lan egindakoa da.
22an, Londresko Blue Lab Beatsek irekiko du gaua Zurriolan. Jazza eta hip hopa uztartzen du taldeak, Namali Kwaten (erritmo kaxa), David Mrakpor (gitarra, pianoa), Poppy Daniels (tronpeta), Ben Vize (saxofoia) eta Natalie Lindi (bokalista) musikarien eskutik. Ondoren, Viva Suecia pop-rock talde murtziarrak ariko da; Rafa Val (ahotsa, gitarra), Alberto Cantua (gitarra), Jess Fabric (baxua) eta Fernando Campillo (bateria) musikariek osatzen dut taldea.
Beste talde murtziar bat igoko da Zurriolako oholtzara 23an: Arde Bogota. Rock musika egiten dute, Antonio Garcia buru. Ondoren, reggae erritmora dantzatuko du Zurriolak, Tiken Jah Fakoly Boli Kostako musikari ezagunaren eskutik. Abesti aldarrikatzaile ugari ditu, aldi berean oso dantzagarriak direnak.
Ezra Collectiveren jazz garaikideak irekiko du Zurriolako hondartzako kontzertuen azken gaua, Londresetik zuzenean. Jazz, afrobeat, afrocubana, funky, salsa, grime, hip hop, R&B eta samba uztartzen dituzte britainiarrek, besteak beste. Azkenik, azkenaldian Euskal Herrian arrakasta handia izan duen Peio Reparazen Zetak pop taldeak itxiko du uztailaren 24ko gaua.