Auzoa biziberritzeko nahia eta beharra
Erriberak Martxan izeneko elkartea sortu berri dute hainbat auzotarrek Loiolako Erriberan, Sahatsa eremuan Eusko Jaurlaritzak eraiki nahi dituen hamazazpi eta hamahiru solairuko dorreen proiektua geldiarazteko; bertako kideek azaldu dituzte arrazoiak.
Loiolako Erriberan iazko udan sortu zuten Erriberak Martxan taldea, Eusko Jaurlaritzaren proiektuari buelta eman, eta toki horretan gazteentzako aisialdirako eremu bat sortzeko asmoz. Auzo elkarte ofiziala izatea lortu berri dute, izan ere, lehenago eskaera hori atzera bota zieten burokrazia kontuengatik.
Hasiera batean, Eusko Jaurlaritzak hogei solairuko eraikin bat egitea aurreikusi bertan, 120 bizitoki zerbitzudun egokiturekin. Hala ere, kexen aurrean “sentiberak” izaten saiatu direla nabarmendu zuen iazko apirilean Jaurlaritzako Pedro Jauregi Etxebizitzako sailburuordeak, eta eraikigarritasuna %40 murriztuko dute: hogei solairuko eraikinaren ordez, hamahiru solairuko bat eta zazpi solairuko beste bat egingo dituzte, eta orotara, 90 bizitoki zerbitzudun egokitu eraikiko dituzte.
Proiektua sinatu gabe dago oraindik, eta hori gertatzea saihestu nahi dute bizilagunek. Auzotarrek espazio hori dorreak eraikitzeko “txikiegia” dela argudiatzeaz gain, horrelako eraikinak kudeatzea “zaila” dela diote, beste zazpi baitituzte auzoan. “Dorre horiek egitea sekulako nahastea da. Gu Sahatsa eremuaren atzean dagoen eraikinean bizi gara, bizitoki zerbitzudun egokituak dituena, eta honek New Yorkeko Bronx auzoa dirudi. Orain bolada onean gaude, baina gure eraikinean su eman diete eskailerei, eta kaka egin dute portalean. Txirrina ere askotan puskatu izan digute sarreran. Bizilagun bat etxetik bidali zuten bere gurasoek, eta eskaileretan bizitzen egon zen”, azaldu du Eli Iparragirrek, Erriberan Martxaneko kideak.
Josu Rodriguez Iparragirreren bizilaguna da, eta berak esandakoa baieztatu du: “Ertzainak egunero etortzen dira; eta egunero ez bada, astean hiru aldiz, ziur. Beraz, imajinatu dorreak egiten badituzte zer gertatuko litzatekeen hemen. Izan ere, ez dituzte adinekoak sartuko dorreetan, jende gaztea baizik. Adibidez, Zumarragako adingabeen zentroko gazteek 18 urte egiten dituztenean hona ekarriko dituzte. Eta jendeak beldurra dauka, gauza horiek oreka bat izan behar dutelako”.
1.075 sinadura
Dorreen proiektua iragarri zutenean, auzotarrek sinadura bilketa bat egin zuten egitasmoa geldiarazten saiatzeko. Azkenean, 1.075 sinadura bildu zituzten, baina Erriberak Martxan ez zenez elkarte ofiziala, ezin izan zituzten udaletxean erregistratu. “Inork ez zituen bere izenean erregistratu, beraz, azkenean, ikusi genuen horretarako bide bakarra elkarte bat sortzea zela. Orain, suposatzen da maiatzera arte dugula hori egiteko epea, eta horretan ari gara, pixkanaka”, azaldu du Iparragirrek.
Sahatsa eremua zerbitzuetarako lursaila da izatez, eta bizilagunek uste dute aitzakia horrekin “tranpa” egin duela Eusko Jaurlaritzak. “Zerbitzuetarako denez, guk anbulatorio bat jartzea nahi genuen, auzoan ez daukagulako eta urrutira joan behar izaten dugulako medikuarengana joateko. Baina horrelako zerbitzu bat jarri beharrean, aitzakia hori baliatu dute bizitoki zerbitzudun egokituak eraikitzeko”, deitoratu du Begoña Arrillaga bizilagunak. “Hemen dorreen ordez anbulatorio bat egingo balute, denok konforme egongo ginateke, baina ez dute egingo”, gehitu du.
Anbulatorio handia Txomiñenen egingo dutenez, “oso zaila” ikusten dute Loiolako Erriberan beste anbulatorio bat eraikitzea. Horrekin lotuta, auzoko zerbitzu falta izan dute hizpide Erriberak Martxaneko kideek. “Auzoak pena ematen du, ez dagoelako komertziorik, tabernak eta okindegiak kenduta. Banketxeek ere alde egin dute auzotik. Kutxa bakarrik dago hemen, eta kutxazain automatikoa besterik ez du; ez digute aurrez aurreko arretarik eskaintzen”, azaldu du Begoña Fernandez bizilagunak.
Behin zapata denda bat zabaldu zutela gogoratu du Emilia Garcia bizilagunak, “baina berehala itxi zuten, auzoan ez zegoelako mugimendurik”, esan du. Arrazoia eman dio Rodriguezek: “Ez egoteagatik, gaur egun hemen ez dago TAOko langilerik ere. Autoz pasatzen dira noizbehinka, baina lehen, gutxienez, langile bat egoten zen auzoan”.
Autoen gehiegizko zarata
Dorreak eraiki nahi dituzten lekuan “zarata handia” egoten dela diote bizilagunek, hainbat errepide daudelako inguru horretan. “Gu parean bizi gara, eta soinu handia nabaritzen dugu. Dorreak egiten badituzte, etxe horiek ia-ia autopista jango dute”, azaldu du Iparragirrek. “Ni azkenengo pisuan bizi naiz, eta telebista ere ezin izaten dugu lasai entzun. Leihoa itxita ere autoen soinua entzuten da”, gehitu du Rodriguezek.
Rodriguezen arabera, udaletxean esan zuten inguru hori dela “Donostian soinu gehien dagoen lekua”. Iparragirrek proba bat egin zuen behin: “Mugikorreko aplikazio batekin Sahatsan autoen zarataren dezibelioak neurtu nituen. Osasunaren Mundu Erakundeak dio 65 dezibelio asko dela, eta nik goiz hartan 67 neurtu nituen”.
Hori ere dorreak ez eraikitzeko arrazoietako bat dela uste dute, “inorentzat ez delako egokia egun eta gau horrelako zaratarekin bizitzea”.
Gazteentzako auzoa
Dorreen proiektua geldiaraztea lortzen badute, bizilagunek aisialdirako gune bat eraiki nahi dute eremu horretan, auzoaren egoera aldatzeko eta hobetzeko asmoz. Batez ere, gazteek euren denbora librea Loiolako Erriberan igarotzea nahi dute, orain ez dutelako horretarako aukerarik.
“Azken finean, Loiolako Erriberan, gazteek auzotik joan behar izaten dute 11 edo 12 urterekin, hemen ez dutelako egitekorik. Haurrek parkeak eta aterpeak dituzte, eta adinekoentzat ere antolatzen dituzte gauzak auzoan. Baina gazteentzat ez dago ezer, beraz, jendeari bikain iruditzen zaio beraientzat jarduerak jartzea auzoan”, nabarmendu du Iparragirrek.
Momentuz, zuhaitz landaketa bat egin dute auzotarrek Sahatsan, etorkizunean bertan mantendu nahi duten espazio naturalari indarra emateko.