Belartza, Antondegi eta Gerriko Berdea
Donostiako Udalaren hirigintza eredua ez da aldatzen. Natur lurrak hartuz industria eremu zein etxebizitza sailak nahieran eraikitzen dira, XX. mendeko hirigintza basatiaren gorenean bezala. Belartza Goikoa merkataritza zentro handia eta Antondegiko uhin artifizialerako parkearen moduko egitasmoek aurrera jarraitzen dute ia isilpean, berriz ere donostiarron natur ondarea kinkan jarriz.
Ez da kasualitatezkoa egitasmoon inguruko informazio lausoa, naturaren aldeko kontzientziak aurrera egin ahala lurraldea babestu eta ez artifizializatzeko lurralde plangintzarako tresna eta irizpide berriak sortu baitira. Nazio Batuen eta Europako Batasunaren Garapen Jasangarrirako irizpideei entzungor eginez, Donostiako Udalak alde batetik Klima Larrialdi egoera aldarrikatzen du, ingurugiroaren aldeko konpromiso sorta aldarrikatuta «green washing» eginez, eta, bestetik, milaka metro karratu natural arpilatuko duten egitasmoak sustatu eta izapidetzen ditu.
Antondegi eta Belartzako muinoak egoera naturalean dira, eta iraganean urbanizagarri izendatu ziren argudio bakarpean (ingurumenaren gaineko kontzientzia beste bat izan eta ingurumen azterketarako tresnarik ez zen sasoi garatzailean). Gaur egun dirutan oparo izatea espero duten egitasmo pribatuen suntsipen helburu dira. Hiriak duela 5 urte iraungia den eta berridazten ari den Plan Orokorra du, eta politikariek urbanizagarri dena ez urbanizagarri berrizendatzeko eskumena badute, edota hirigintza atzerapenak ebaztekoa, aipatutako egitasmo pribatuek ez baitiote ezein interes orokorrari erantzuten. Bere aldarri berdeekin kontraesanean, udal gobernuak ihardesten du sailkapen hori (irauligarri eta itzulgarri dena) aurrekaririk gabeko naturaren aurkako kaltea gelditzeko oztopo dela. Natur ondarearen aurkako onarpen eta izapidetzea hauek epe motzeko ikuskera ekonomiko zurrunaren ondorio baino ez dira, etorkizunarekiko kezkagabeko zeharo.
Bereziki larria da hau Belartza Goikoako sustatzaileak lege urratzaile berrerorle direlarik, udal aginduei iskin egin eta EAEANren epaia betetzeari uko eginda. Gogoan izan Udalak makroisurketa egiteko ez legezko baimena emateagatik zigorra jaso zuela, eta 4 urteren ondoren epaiak bete gabe darraiela, 7 urteren ondoren mahaiaren bueltan eseri eta Belartza Goikoaren suntsipen osoa negoziatuz poligono berri bat egitearen bitartez, Eskusaitzeta (4 km eskasera, Zubietan) eta bere milioi metro karratuak hutsik dirauten bitartean. Antondegi eta Belartza Goikoa urbanizatu gabe dauden eta egoera naturalean dirauten bi paraje dira. Beharrezko dugun gerriko berdearen parte dira, eta ekologikoki garrantzi handia dute, bioaniztasun izugarri oparoa tarteko.
2030 Agendak bere helburuen artean bioaniztasunaren zaintza ezartzen du. Oraingo eta geroko gure bizitza kalitateari eutsi nahi badiogu, eremu berdeak babestu behar ditugu, korridore ekologikoak sortu eta mantendu. Kontserbazio engaiamendu honek tokiko zein lurralde edota mundu mailako behar du izan. Horregatik dira tokiko hirigintza eta ingurumen politikak garapen sostenigarriaren oinarri.
Haritzalde Naturzaleen Elkartetik berriz ere udal gobernuari aipatutako egitasmoetarako atzerapena nahi diogu eskatu, bai eta ingurumen zein natur ondarea zaintzeko lurra landa-lur gisa bersailkatu eta kaltebera dugun Donostiako gerriko berdearen kontserbazioa ere. Are, Plan Orokor berria hastapeneko diagnosian denean. Zuhurtzia , koherentzia eta garapen sostenigarrian oinarrituriko interes orokorraren zaintza eskatzen ditugu, bete gabeko hitz emate berdeetatik haratago.