"Emakume batek ezin du ezer txarrik egin"
Donostiako Sarek preso dauden emakumeek aukeratutako olerkien irakurraldi musikatua antolatu du igandean Le Bukowski tabernan, 19:30ean. Horrez gain, martxoaren 31ko kartelada emakume presoen egoera salatzeko baliatuko dute. Horren harira, Oihana Agirre (Egia, 1974) preso ohia elkarrizketatu dugu, espetxeko bere bizipenak azaltzeko.
Nolakoa da gaur egungo emakume presoen egoera zure ustez?
Badakit Euskal Herrian egoteagatik, edo hemendik gertu egoteagatik seguruenik egoera hobetuko zitzaiela, baina nire abiapuntua da espetxea bera pertsonak zigortzeko sortutako instituzio bat dela. Eta bertan dauden bitartean, zigortuak izaten jarraitzen dute. Bestetik, kartzelak gizonezkoentzat sortuta daudela iruditzen zait, eta horrek ere eragin handia du. Azkenean, gizartean sistema patriarkal batean bizi bagara, espetxean hori birproduzitu egiten da, eta horrek eragina du emakumeen espetxeko bizipenetan.
Horri gehitzen badiozu patriarkala den gizarte honek ez dituela emakume txarrak edo zerbait txarra egin duten emakumeak onartzen, emakume presoen egoeran ere eragiten du horrek. Azken finean, emakumeak zaintzarako sortu gara, eta horrela onartzen du gizarteak. Orduan, zerbait txarra egin baduzu, ez zara kanonetan sartzen, eta horrek zigorra bera bikoizten du.
Zu preso ohia zara, eta bi aldiz egon zinen kartzelan Askatasunaren ilegalizazioagatik.
Bai. Hasiera batean, epaiketaren aurretik, urte eta erdi inguru eduki ninduten kartzelan, eta gero, bermea ordainduta atera ninduten. Ondoren, epaiketa izan nuen, eta epaia atera zenean, ni bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuten, eta berriro ere atxilotua izan nintzen. Lehenengo atxiloketa 2007an izan zen, eta 2008ko abenduan atera ninduten. 2011n epaitu ninduten, eta urte horretako abenduan berriro atxilotu ninduten. Presoen aldeko mugimenduan lanean nenbilen, eta ilegalizazioaren kontuarekin eta dena ETA zelako aitzakiapean, atxilotua izan nintzen.
Zein kartzelatan egon zinen?
Lehenengo aldiz atxilotu nindutenean, bi hilabetez Soto de Realgo espetxean (Madril, Espainia) egon nintzen. Gizonezkoen espetxe bat da, eta modulu batzuk dituzte egokituta emakumeentzat. Uste dut hori aipatzea garrantzitsua dela, izan ere, espetxe guztiak gizonentzat dira, eta emakumeak espetxeratzen hasi zirenean, modulu txikiak edo ingresoetarako erabiltzen zituztenak egokitu zituzten beraientzat. Horrelakoak dira espetxe gehienak.
Egia da gero Brievako kartzelara (Avila, Espainia) eraman nindutela, eta hori emakumezkoen espetxea dela. Estatuan lau edo bost daude, eta gu, preso politiko gisa, soilik Brievan egon gara.
Emakume preso gisa, garai hartako zein oroitzapen dituzu?
Soto del Realen gizonezkoak eta emakumezkoak hainbat espaziotan elkartzen ginen, eta elkartzen ginenean, emakumeok haragi puskak ginen gizonentzat. Hau da, gizonezkoek zurekiko duten jarrera oso agerikoa da, eta espetxe sistemari dagokionez ere, oso agerikoa da gizonezkoen espetxe bat dela. Izan ere, osasunaren alorrean adibidez, emakumeok behar dugun ginekologia zerbitzurik ez genuen, eta izatekotan, oso murritza zen. Ez zuten lortzen bertan geunden emakume guztion beharrak asetzea, bisitak oso tarteka egiten zituztelako. Ospitalera ere ez gintuzten eramaten ginekologoarengana, joan-etorriak ez egiteagatik.
Aisialdian ere, oso zehaztuta dago gizonezkoek nolako jarduerak egin ditzaketen eta guri zeintzuk dagozkigun. Guri, besteak beste, josteko tailerrak eskaintzen zizkiguten; gizonezkoei, aldiz, egur taila. Kirolean ere, gizonak futbolean aritzen ziren, eta emakumeok patioan korrika egin genezakeen hala nahi izanez gero, baina ez ziguten beste ezer eskaintzen.
Atxilotu zintuztenean nolako tratua jaso zenuen?
Zorionez, sekulako zortea izan nuen, eta ez nintzen torturatua izan, nire kide asko bezala. Atxiloketa nahiko lasaia izan zen beraz, eta baita espetxeratzea ere. Esan beharra dago, euskalduna izateagatik dagoeneko zigortua sartu nindutela espetxean, artikulu bat ezarri zidatelako. Hori dela eta, ni moduluan nengoen, eta preso guztiak ziegara igotzen zirenean jaisten ninduten patiora, bakarrik. Inolako harremanik ez izateko egiten zuten hori.
Isolatuta egon zinen, beraz?
Bai, bueno, lehenengo hiru egunak eman nituen horrela. Lehenengo graduko moduluak zigor handiagoentzat dira, eta ni bigarren graduko modulu batean nengoen, baina isolatuta, inorrekin ez egoteko. Horrela pasa nituen lehenengo hiru egunak, baina gero beste modulura jaitsi ninduten, eta hor gainerako presoekin egoteko aukera izan nuen.
Euskal preso emakumeak gutxiago ginen, eta momentu horretan ez zegoen bat bera ere Soton, ni izan ezik. Preso euskaldun bakarra nintzen, beraz, lur hartzea zailagoa izan zen, ez nuelako heldulekurik. Hala ere, esan beharra dago besteekin ere oso ondo moldatu nintzela, eta beraien aldetik sekulako laguntza jaso nuela. Liburuak, arropak eta denetarik utzi zizkidaten. Handik gutxira, euskal presoak iritsi ziren.
Espetxe barruan nola tratatzen zituzten emakumeak?
Iruditzen zait emakumezkoak institutu batean egongo bagina bezala tratatzen gaituztela espetxean; umeak bagina bezala. Zerbait txarra egin duzu, baina emakume batek ezin du ezer txarrik egin, zaintzarako prestatuta dagoelako. Ikuspegi paternalista batetik esaten ziguten zer egin behar genuen, bakoitzak gure ikasketak eta guzti eginda genituenean.
Gizonekin alderatuta, emakumeen eskubideak urratzen zirela uste duzu?
Uste dut egunerokotasunak egunero urratzen zituela gure eskubideak. Gizonezkoak eta emakumezkoak berdin-berdin gaude leku itxi batean, gure egunerokotasuna guztiz baldintzatua dagoen leku batean. Azken finean, guztiz aldatzen zaizu kalean zenuen joera, eta espetxe sistemak berak markatzen dituen jarraibideak errespetatzera behartzen zaituzte. Zentzu horretan, aipatu bezala, badaude emakumeentzat existitzen ez diren hainbat alor.
Horri gehitu behar zaio, azken finean, kanpotik zaintzen zaituen pertsona hori ere emakumezkoa dela: amak edo emakumezkoa den lagun batek eramaten dizkizu gauza guztiak. Harremanetan ere antzematen da hori. Adibidez, ni bikoterik gabe sartu nintzen, baina kartzeletan eta, orokorrean, joera da beti daudela emakumeak atzetik, laguntzeko prest. Kartzelara presoei gauzak eramatera joaten diren gizonezkoen kopurua askoz txikiagoa dela esango nuke.
Desberdintasunik egiten zuten preso sozialen eta politikoen artean?
Emakume guztiontzat tratua berdintsua zen, lehen aipatu dudan jarrera paternalista horri eta aisialdiari dagokionez, besteak beste. Egia da gu euskal preso politikoak izateagatik zigortzen gintuztela, eta askotan, hainbat egistamotara edo espaziotara joateko debekua genuela. Besteak beste, isolamendu ziegetan bizi behar izan gara, eta kiroldegira eta tailerretara joateko debekuak jarri dizkigute, besteak beste. Gainera, dena bitartekarien bidez egin dugu; gutunak eta deiak grabatu egiten zituzten, eta horrek intimitatea urratzen du.
Igandean preso dauden emakumeek aukeratutako olerkien irakurraldi musikatua egingo dute Bukowskin. Horrelakoek laguntzen al dute gai hauek mahai gainean jartzen?
Pausotxoak dira, presoen egoera eta presoak oraindik barruan daudela gogorarazten dutenak. Uste dut horrelako ekitaldi gehiago egon beharko liratekeela.
Donostian, bi emakume preso politiko geratzen dira: Ainhoa Mujika eta Maixol Iparragirre. Ba al duzu beraien berri?
Ainhoa Zaballan dago, eta badakit egoera aldatu egin zaiola, orain errazagoa zaiolako senideekin harremana izatea. Horrek bizipoz pixka bat eman dio, baina ezin gara horretan geratu; pausotxo bat da kalera atera aurretik. Maixoli oraindik epaiketak gelditzen zaizkiola dakit, eta pentsatzen dut biak antzeko egongo direla, baina egia esan, ez dakit.