Errenteria eta Donostia lotu dituzte milaka lagunek, euskara batuaren alde
Bukaeran, Txillardegiren omenezko ekitaldia egin dute Plaza Berrian, eta kantuan amaitu dute.
Errenteriako Orereta ikastolak, Ikastolak Herriari egitasmoak eta Euskaltzaindiak antolatuta, 8.000 haur eta gazte inguruk giza kate erraldoia osatu dute ostiral goizean, Errenteria eta Donostia lotuz. Hainbat herritako ikastetxetako haurrak etorri dira giza katea osatzera, eta giro ederrean pasatu dute goiza Mirakruz gainaren inguruan, Zurriolan zein Bulebarrean.
Euskara batuari gorazarre egiteko giza katea egiten ari dira Errenteria eta Donostia artean. Ikastoletako ikasleak luze jarri dira Jose Elosegi hiribidean, hiriko sarreran #batasunarenbidean #euskarabatua pic.twitter.com/zTkbRiVCsD
— Irutxuloko Hitza (@irutxulo) March 24, 2023
11:30ak aldera bukatu da giza katea, eta amaiera ekitaldia egin dute jarraian, Donostiaren kasuan, Parte Zaharreko Plaza Berrian. Han, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hizkuntzalari donostiarra omendu dute, euskara batuari egin zion ekarpen ezinbestekoa aitortua izan dadila aldarrikatuz. Zurriola ikastolako musika taldeak pare bat abesti jo ditu aurrenik, Eta Txillardegik non du liburutegia? bertsoa abestu dute ondoren, eta euskararen aldeko irakurketa egin ostean, dantzan eta globo erraldoiekin jolasean bukatu dute.
Jarraian, Donostiako irudiak ikus ditzakezue, eta Oarsoaldeko argazkiak ikusi nahi izanez gero, Oarsoaldeko Hitza-k ere irudi bilduma zabala osatu du.