Faustino Marcos preso donostiarra Euskal Herriratuko dute
Bost preso gelditzen ziren Espainiako kartzeletatik Euskal Herrira lekualdatzeko, eta horietako bat zen Marcos. Horrela, bukatu da euskal presoen sakabanaketa politika, 34 urteren ondoren.
Espainiako Espetxe Erakundeek bost euskal presoren Euskal Herriratzeak iragarri dituzte, hain zuzen ere, sakabanatuta jarraitzen zuten bost presoenak. Zehazki, Asier Borrero, Gregorio Eskudero, Faustino Marcos, Garikoitz Etxeberria eta Irantzu Gallastegi Euskal Herriratuko dituzte; Marcos donostiarra da, Parte Zaharrekoa.
Darocako kartzelan dago Marcos (280 kilometro), eta apirilean beteko du zigor osoa. 2010eko otsailean atxilotu zuten, Katalunian, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zion 2012an. Herrera de la Manchan (580 kilometro) egon zen 2020ra arte, urte hartako irailean hurbildu baitzuten Darocara.
Horrela, Sarek bukatutzat eman du presoei ezarritako sakabanaketa politika. 1977an hasi zen Espainiako Gobernua euskal presoak Euskal Herritik kanpoko espetxeetara eramaten, baina 1988an abiatu zuen orain arte iraun duen sakabanaketa politika, bereziki, 1989ko maiatzean.
Espainiako Gobernuak 1977an ekin zion euskal presoak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan kartzelatzeari. Orain arte indarrean egon den sakabanaketa politikari, ordea, hamar urte geroago eman zion hasiera. 1988tik eta, batez ere, 1989ko maiatzetik aurrera, PSOEko Felipe Gonzalez presidente izanda. 2018an ETA desegin eta gero, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri zuen “bestelako espetxe politika bat” abiatuko zutela. Pixkanaka, presoak Euskal Herriratzen joan dira, egoera honetara iritsi arte. Ordea, sakabanaketa politikak eragin nabarmena izan du presoengan eta, bereziki, haien senideetan. Izan ere, beste hainbat gertakariren artean, auto istripu ugari gertatu dira hiru hamarkada luzeotan, eta hamasei lagun hil dira.
Sakabanaketa politika bukatzear zela ikusita, Etxeratek eta Sarek otsailean erabaki zuten ostiraleroko enkarteladak egiteari uztea, 34 urteren ondoren. Horrela, hileko azken ostiralean egiten dute orain. Hedabide honek egitasmoaren historia errepasatu zuen otsailean, eta ohiko azken enkarteladako irudiak bildu zituen.