Amara Berriko auzokide bat "ilegalki" kaleratzen saiatu direla salatu du Kontseilu Sozialistak
Kontseilu Sozialistak salatu duenez, Amara Berriko bizilagun bat hainbat aldiz “ilegalki” kaleratzen saiatu dira. Etxebizitza Sindikatuarekin harremanetan jarri da bizilagun hori, eta azaldu dio “ilegalki azpialokatu” ziotela hemeretzi metro koadroko etxe hori. “Hau da, jabeak pertsona bati alokatu zion, eta horrek gurekin kontaktuan jarritako pertsonari, jabearen baimenik gabe. Azpierrentatzailea maizterrari presioa egiten hasi zitzaion etxetik joan zedin”, azaldu du Kontseilu Sozialistak.
“Presio” horren inguruko xehetasunak ere eman dituzte. “Esaterako, egun batean bere etxera sartu zen lo zegoen bitartean, eta orduan jarri zen maizterra Etxebizitza Sindikatuarekin harremanetan. Hurrengo egunean, etxean ez zegoela aprobetxatuz, berriro sartu, bere gauza guztiak atera eta sarraila aldatu zuen azpierrentatzaileak. Gau horretan bere etxean lo egitea lortu zuen maizterrak, baina, hurrengo goizean, azpierrentatzailea poliziarekin agertu zen, okupazio bat salatzeko deitu baitzien, maizterra errenta erregularki ordaintzen ari zen arren”, adierazi dute.
🔵 BIZILAGUN BAT HAINBAT ALDIZ ILEGALKI KALERATZEN SAIATU DIRA AMARA BERRIN. pic.twitter.com/QXAeKJuFdd
— Kontseilu Sozialista Donostia (@Kontseilua_Don) March 26, 2023
Goiz hartan, Etxebizitza Sindikatuko kide bat agertu eta poliziak maizterra etxetik ez botatzeko “esku hartu zuela” azaldu du Kontseilu Sozialistak. “Ondoren, jabeekin hitz egiten saiatu ginen, pertsona honen egoera erregularizatzen saiatzeko, baina arrakastarik gabe. Gaur egun, bere etxetik botatzeko arriskuan dago, eta sindikatutik argi eta garbi diogu ahal dugun guztia egingo dugula bertan geratzeko edo aukera hobe bat aurkitzeko”, nabarmendu dute.
Gertakari horietatik hainbat ondorio atera ditu Kontseilu Sozialistak. Alde batetik, uste du “gero eta errentatzaile gehiago direla era guztietako presioa gauzatu eta maizterrak indarrez kanporatzen saiatzen direnak”; eta, bestetik, iruditzen zaio “agerikoa dela alokairuaren merkatua proletalgoarentzat gero eta eskuraezinagoa dela!”.
Ildo horretan, “jabeen inpunitatearen aurka” antolatzeko deia egin dute, “kalitatezkoa eta unibertsala izango den etxebizitza bermatzen duen gizarte baten alde”.