Zorroagako apartamentu berriak eta eguneko zentroa inauguratu dituzte
Zorroaga fundazioaren apartamentu berriak eta eguneko zentroa inauguratu dituzte. Obrek hiru urte baino gehiago iraun dute, eta bost milioi euroko inbertsio bat egin ostean, lehenengo erabiltzaileek egunotan estreinatuko dituzte instalazioak.
Eraikin berria goitik behera berreraiki dute Arrasate kaleko 51. zenbakian, “Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorrak babesten duen fatxada errespetatuz”. Aintzane Uriguen Zorroaga Fundazioko zuzendariaren esanetan, Zorroagak “urrats berri bat eman du adineko pertsonen beharrak asetzeko, helburutzat hartuz haien autonomia sustatzea eta bere ingurunean irautea”.
Instalazio berriak bi zerbitzu eskaintzen ditu: mendekotasuna duten pertsonentzako 30 lekuko eguneko zentro bat, eta autonomoak diren edo mendekotasun maila arina duten 36 adineko pertsona bizitzeko 34 apartamentu.
Leku berri hauekin, Zorroagak arreta zuzena emango die zerbitzu desberdinetako 430 pertsonari: mendetasuna duten adinekoen egoitza, adineko pertsona autonomoentzako egoitza, pertsona autonomoentzako tutoretzapeko apartamentuak eta eguneko zentroa. Horiek guztiak dagozkien eremu fisiko eta arreta ekipo bereziekin.
Inaugurazio ekitaldian partaide izan dira Eneko Goia Donostiako alkate eta Zorroaga Fundazioaren Patronatuko presidentea, Gizarte Politiketako foru diputatu Maite Peña, Mikel Agirrezabal, Zorroagako zuzendari ohia, eta apartamentuen arduraduna, Mailo Miguel.
Erabiltzaileak
Tutoretzapeko apartamentuak pertsona autonomoentzat edota mendekotasun maila urria dutenentzat (Mendekotasunaren Balorazio Baremoko 0 eta 1 mailak) bideratu dituzte. “Ondorioz, bere ingurunean modu autonomoan edo bere egunerokotasunean modu independentean moldatzeko beharrezko baliabideekin bizitzen jarraitzeko aukera eskaintzen die”, azaldu dute inaugurazioan.
Horrez gain, eguneko zentroa familiaren edo etxez etxeko arreta zerbitzuen babesa izaten duten eta mendekotasuna duten (Mendekotasunaren Balorazio Baremoko 2 eta 3 maila) adineko pertsonentzako da.
Instalazioak
Eraikin birgaituak bost solairuko altuera du, eta sarbide independenteak ditu apartamentuetarako eta etxabean kokatutako eguneko zentrorako. 30 plazako edukiera dauka. Harrera gunea, atsedenerako aretoak eta suspertze fisikorako eta kognitiborako jarduerak, jangela eta bainugela egokituak ditu erabilgarri.
Apartamentuak eraikinaren bost solairutan banatzen dira. Lehenengo hiruetan, banakako zortzi apartamentu daude bakoitzean, zazpi laugarren solairuan eta hiru bosgarrenean. Horietako bi bikoitzak dira eta guztiek dituzte sukaldea, logela eta bainugela egokitua. Bestalde, bosgarren solairuan terraza komunitario bat dago.
Erdi sotoko solairuan tutoretzapeko pisuetan bizi diren pertsonentzako areto komun bat dago, eta baita barne-patioa, garbitegia eta bainugelak ere. Bestalde, solairu horretan zerbitzurako hainbat eremu daude: sukaldaritza industriala, hozkailu ganberak, aldagelak, instalazioen aretoak eta bizikleten aretoa, besteak beste.