EAJk eta EH Bilduk zinegotzi bat gehiago lortuko lukete udal hauteskundeetan
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako bi hilabete gelditzen direnean, EITB Focus makro inkestaren emaitzak argitaratu dituzte. Hego Euskal Herriko lurralde guztietako datuak eta hiriburuetakoak atera dituzte, eta Donostiaren kasuan, EAJk irabaziko lituzke berriz ere udal hauteskundeak.
Hain zuzen ere, 2019ko bozetan baino emaitza hobea lortuko lukete jeltzaleek: botoen %36,3 (0,5 puntu gehiago) eta hamaika zinegotzi (orain baino bat gehiago). EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, eta gora egingo luke baita ere, botoen %24,1 (2,7 puntu gehiago) eta zazpi zinegotzi (orain baino bat gehiago) lortuz.
Hirugarren indarra PSE-EE izango litzateke, egungo bost zinegotziak mantenduz eta botoen %17,4 lortuz, 2019an baino 0,3 puntu gutxiago. Elkarrekin Donostiak eta PPk, aldiz, emaitzak okertuko lituzkete, bina zinegotzi lortuta; gaur egun, hiruna dituzte. Botoen %9,7 (0,3 puntu gutxiago) eta %9,1 (1,8 puntu gutxiago) eskuratuko lukete, hurrenez hurren. Bestalde, Vox alderdi ultraeskuindarrak botoen %0,8 lortuko luke, 2019an baino 0,5 puntu gutxiago, eta ez du zinegotzirik lortuko.
Hego Euskal Herriko 7.853 herritar elkarrizketatuta osatu dute inkesta, eta otsailaren 27tik martxoaren 17ra egin zituzten elkarrizketak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta otsailaren 22tik 27ra Nafarroan.