Emakume presoen egoera salatuko dute ostiraleko karteladan
Ostiralean, hilaren 31n, euskal presoen eskubideen aldeko martxoko kartelada egingo dute, eta emakume presoen egoeran jarriko dute fokua. “Martxoa hilabete seinalatua da emakume guztiontzat, gu erdigunean jarri eta oraindik ukatu eta urratzen zaizkigun eskubideak eskatzea helburu, Saretik ere, kartzelan dauden emakume presoen egoera salatu nahi dugu martxoko azken ostiralean”, azaldu du Sarek. Kartelada 19:30ean abiatuko da, Parte Zaharreko Plaza Berritik.
Halaber, gogorarazi dute oraindik Donostiako bi emakume daudela preso: Marixol Iparragirre Antiguako presoa eta Ainhoa Mujika Egiako presoa. “Urte luze hauetan guztietan presoen eskubideak urratuak izan badira, emakumeena zigor hirukoitza izan dela esan dezakegu. Urrunduago, bakartuago, neurri gehiagotu askorekin eta, hori gutxi balitz, gizonentzako soilik egindako kartzeletan”, salatu dute. Horren harira, hedabide honek Oihana Agirre preso ohia elkarrizketatu du berriki.
Karteladak, hilabetean behin
Euskal presoen senideek karteladak egin dituzte ostiralero Donostian, 34 urtez, presoen eskubideen alde. Ordea, sakabanaketaren aroa amaituta, astero mobilizatzeari utzi diote, eta karteladak hilean behin egiten hasi dira; hilabeteko azken ostiralean, zehazki. Otsailean egin zuten ohiko azken kartelada, eta ostiral honetakoa izango da hilean behin antolatutako lehena.