Goienetxeko lantegia handitu du Gureakek
Berio auzoan kokatuta dagoen Goienetxe lantegiaren handitze eta birmoldaketa lanak egin ditu Gureakek. Gaur egun, 365 pertsona aritzen dira industria jardueretan Gureaken instalazio zentraletan; horien %80 laguntza premia handiak dituzten pertsonak dira, hau da, batez ere adimen desgaitasuna eta gaixotasun mentala duten pertsonak. Gainera, 152 Zerbitzu Okupazionalekoak dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren gizarte zerbitzuen parte dena, eta lankidetza hitzarmen baten bidez garatzen dena.
Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, handitze obrari esker, Goienetxeko industria instalazioak “ia bikoiztu” egin du bere espazioa: 3.212 metro koadro izatetik 6.266 metro koadro izatera igaro da: 1.000 metro koadro gehiago ekoizpenerako, 607 metro koadro gehiago biltegirako eta gainerakoa eremu ez produktiboetarako, hau da, guztira 1.500 metro koadro gehiago bulegoetarako, aldageletarako, atseden lekuetarako, jantokietarako, prestakuntza guneetarako eta abarretarako.
Goienetxeko industria instalazioak Gureaken berezko teknologiak osatzen dituzten produktuak muntatzen ditu, eta automozioa, energia, Smart Home, mugikortasuna edo osasuna bezalako sektoreetara bideratzen da. “Merkatu horien eta Gureaken industrializatutako produktu multiteknologikoen bilakaerak hainbat faktoreri erantzuten dieten espazio moderno eta eraginkorrak eskatzen ditu, hala nola, ingurumenaren, tenperaturaren edo hezetasunaren kontrolari erantzuten diotenak. Eskakizun horiek pertsonen ongizatera egokitzea izan da egindako jarduera guztien helburua”, azaldu dute.
Inbertsioa, guztira, bost milioi eurokoa izan da, eta 155.000 eurokoa ekipamenduan (altzariak eta apalategiak). Gipuzkoako Foru Aldundiak 2,7 milioi euro eman dizkio proiektuari, aniztasun funtzionala duten pertsonentzako enplegu zentro bereziak egokitzeko lankidetza hitzarmen baten baitan.