Txomiñenea eta 27 industrialdea pasealeku baten bidez lotuko dituzte
Donostiako Udalak gaur adjudikatu du Txomineko Ibai parkea eta Martuteneko 27 industrialdea Lugañene pasealekuaren bidez lotzeko proiektua. 225.042 euroko aurrekontua zehaztu dute, eta lanak hiru hilabeteko epean bukatu beharko dira.
Bi ardatz ditu proiektuak. Batetik, Lugañeneko eremua –zehazki, 27 industrialdera sartzeko biribilgunea eta Martutene pasealekua lotzen dituen lotuneko adarraren espaloia– oinezkoen eta bizikleten ibilbidearekin lotuko dute. Bestetik, Parfer eraikinaren atzealdean dagoen pasabidearen hegoaldeko estribuan bukatzen den bidea eta Ibai parkea elkartuko dituzte.