Bidebietako etxebizitza baten enkantea galarazteko elkarretaratzea egingo dute ostiralean
Alokairu Benta Berri, Kaleratzeak Stop eta Inquilinos Azora plataformek antolatuta, elkarretaratzea egingo dute ostiralean Bidebietako etxebizitza baten enkantea galarazteko. Askatasunaren hiribidean kokatuta dagoen Sabadell bankuaren aurrean elkartuko dira, 11:00etan.
Luxenburgon egoitza duen Lsf1 Boson Investments Sarl putre funtsak eskatu du enkantea. Plataformen arabera, “pentsio apala” duen Mari Carmen alargunarena da etxe hori, eta bere alabak Sabadell bankuarekin sinatutako 55.000 euroko mailegua abalatu zuen, huts egin zuen negozio baterako.
“Funts putreak hipotekadun berankorrak enkantean jartzeko eta etxetik botatzeko lan zikina egiteaz gain, estatuko eta EAEko etxejabe nagusiak ere badira. Alokairuaren merkatua kontrolatzen dute, prezioen igoerarekin espekulatuz edo kontratuak ez berrituz”, salatu dute plataformek.