Enplegua sustatzeko gune bihurtuko da Uba aterpetxea
Donostia Sustapenak jakinarazi duenez, Uba aterpetxearen espazioa eraldatuko dute, enplegu proiektu berritzaile eta integral bati babesa emateko. Lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboen enplegugarritasuna hobetzera bideratutako proiektua garatuko dute bertan, enplegu eta prestakuntza programen bidez.
Marisol Garmendia Ekonomiaren Garapen eta Enpleguko zinegotziaren esanetan, “proiektu berritzaile hau Uba aterpetxean garatzeak eragin handia izango du gizartean, merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboen artean enplegua sustatzeko eta lan merkatuarekin konektatzeko gune bilakatuko baita. Prestakuntzaren bidez enplegu ibilbideak garatzea eta pertsona horiei kalitatezko enpleguak lortzea ahalbidetuko dieten lan gaitasunak garatzea izango ditu helburu proiektuak”.
Donostia Sustapenaren arabera, enplegua lortzeko zailtasunak dituzten kolektiboak gizarteratu eta laneratzeko erronka du Donostiak. “45 urtetik gorako langabeen bolumena handia da (otsaileko 7.094 langabeen %58,5), eta pandemiaren ondorioz, kasu askotan, haien lan egoera kronifikatu egin da. Genero arrakala handia ere hauteman da: langabetuen artean emakumeak gizonak baino ia mila gehiago dira”, azaldu du.
Gaur egungo egoeraren aurrean, Donostia Sustapenak Aterpetze/Eskola proiektu berri bat garatzeko aukera zegoela ikusi du, lan merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituzten langabetuek sektore tradizionaletan gehien eskatzen diren lanbide profiletako batzuetan trebatzeko eta prestatzeko aukera izan dezaten.
Laneratzeko kontratuak sorraraziko dituzten enplegu eta prestakuntza programak jarriko dira abian. Donostia Sustapenak eta Lanbide Heziketako Zentroek gidatuko dituzte programa guztiak, hirugarren sektoreko erakundeekin lankidetzan.