Isunak eta ordainagiriak Internet bidez ordaintzeko plataforma berri bat aurkeztu du udalak
Donostiako Udalaren webgunean Nire ordainketa ordainketa sistema jarri dute, isun eta helbideratu gabeko ordainagiriak azkar eta erraz ordaintzeko aukera emango duena. Bi aukera berri eskaintzen dizkie donostiarrei ordainketak egin ahal izateko, ohikoez gain –finantza erakundeak edo txartelak–: Bizum eta Mi Pago Wallet aplikazioa –diru zorro birtual bat da–.
Juan Ramon Viles Gobernantzako zinegotziak nabarmendu duenez, funtzionalitate berri hori administrazioaren digitalizazio planteamenduaren barruan inplementatzen da, eta herritarrei edozein unetan eta edozein tokitatik izapide ohikoenak egiteko aukera ematen die.
Ordainketak egiteko sistema berria Eusko Jaurlaritzak garatu du, eta dagoeneko hainbat euskal administraziok erabiltzen dituzte. Otsailean 2.130 eragiketa egin dituzte herritarrek sistema berri honen bidez. Ordainketa horien %45 txartelarekin egin dira, beste %45 bankuen bidez eta %10 Bizum bidez.
Gogorarazi behar da etxean jasotako ordainagiriak edo isunak galduz gero, herritarrek edozein unetan lor ditzaketela kopiak autotramitazio makinetan. Kopiak atera ahal izateko, nortasun agiria baino ez dute behar.
B@KQ
B@KQ administrazio publikoarekin izapideak egiteko gehien erabiltzen den ziurtagiri digitaletako bat da. Orain arte ziurtagiri hori aurrez aurre eskatu behar bazen ere, aurrerantzean online ere egin ahal izango da Izenperen webgunearen bidez. Horretarako, eskatzailea bideokonferentzia bidez identifikatzeko prozesu bat egingo da; eskatzaileak mugikor bat izan beharko du, eta haren kamerara eta mikrofonora sartzen utzi beharko du. Identifikazio prozesuan, grabatuko dena, eskatzaileak bere nortasun agiria erakutsi eta keinu fisikoren bat egin beharko du.