Kitxuaren aldeko Korrika bat sortu nahi du Donostiako Kichwa Otavalo elkarteak
Donostiako Kichwa Otavalo kultur elkarteak Korrika bat sortu nahi du kitxua hizkuntzaren alde, “haren biziberritzea sustatzeko”. AEKrekin elkarlanean antolatu nahi dute, “euskal kulturako egitasmo garrantzitsuak internazionalki zabaltzeko”.
Kichwa Otavalo elkarteko Theus Conejok hedabide honi azaldu dionez, kitxua, Latinoamerikako ama hizkuntzetako bat, “galzorian” dago, “datozen belaunaldiak ez daudelako hizkuntza mantentzeko prest”. “Hizkuntza hori defendatzeko asmoz antolatu nahi du egitasmoa Kichwa Otavalo kultur elkarteak, Euskal Herrian euskararekin egiten den moduan”, adierazi du.
Horretarako, Korrika internazional bat antolatu nahi dute Ekuadorren, “arriskuan dagoen hizkuntza protagonista izango duena, eta hizkuntzaren aldeko irabaziak jasoko dituena”. Zehazki, Kichwa komunitateko haurrek, gazteek eta helduek kitxua hizkuntza baloratzea eta biziberritzea lortu nahi dute. “Horrez gain, Otavalo hirian eta Imbabura probintzian kitxuaren inguruko programa kulturalak sustatu nahi ditugu”, azaldu du Conejok.
Horrez gain, Ekuadorretik bost eragile kultural ekarri nahi dituzte, AEK-k eurekin elkarlanean hizkuntzak biziberritzearen inguruko ikastaroak antolatu ditzan. Eragile horiek honakoak izango dira: unibertsitateko irakasle bat, gobernuko politikari bat, Ekuadorreko antzinako hizkuntzetan aditua den kultur teknikari bat, hizkuntza gutxituen eta genero berdintasunaren arloko teknikari bat, eta Imbabura probintziako kultur teknikari bat.
Ekuadorreko aditu horiekin eta AEKrekin Korrika Kultural bat egitea da helburua, eta, ondoren, Ekuadorren kitxuaren aldeko Korrika bat antolatzea.