Loiolako irudi historikoak biltzen dituen erakusketa inauguratu dute
Apirilaren 16ra bitarte, 24 irudiz osaturiko Loiolari buruzko argazki erakusketa ikusgai jarri dute Garbera merkataritza zentroan. Horien bidez auzoa eta Urumea bailara nolakoak ziren gogoratu eta ezagutu ahal izango da. Argazkiak, gehienak zuri-beltzean, XIX. mendearen bukaeratik 1960ko hamarkadara bitartekoak dira. Erakusketa gaur goizean inauguratu dute, eta han izan da Auzoetako zinegotzi Maria Jesus Idoeta.
Erakusketa horren bidez, Loiola auzoa aspaldi nolakoa zen, denborarekin nola eboluzionatu duen eta auzokoek zein ohitura zituzten azaltzen da. Horrela, dauden Urumea ibarreko lehen irudiak ikus daitezke erakusketan, 1890. urtekoak; Loiolako hirigune historikoko argazkiak; Txominekoak, soilik baserri pare batez eta baratze ugariz osaturiko landa eremua zenean; Hiri Lorategikoak, orain garapen urbanistiko handia proiektatzen ari den tokikoak; Loiolako Erriberakoak eta Ametzagaña eremukoak, oraindik kuartelik ez zegoen garaikoak. Inguru horrek eraldaketa handia izango du etorkizun hurbilean. Urumea ibaiaren presentzia etengabea da argazkietan, eta erakusketa osoaren haria, izendatzaile komuna, da.
Erakusketa egiteko ideia, Martutene auzoari buruz iaz Garberan aurkeztu zen erakusketaren ondoren sortu zen. Jon Serrano, Altzako Historia Mintegia (AHM) elkartekoa, eta Jon Urbieta, orain arteko Loiolako kultur etxeko zuzendaria, Urumea bailarako argazki zaharrak biltzen hasi ziren Loiola auzoaren ondoko guneetan. Irudiak Kutxaren Fototekakoak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gure Gipuzkoa bildumakoak eta Joakin Garcia Lizeagaren edo Juanjo Francoren artxibo pertsonaletakoak dira, besteak beste. Aurreko kolaborazioetan bezala, David Vicente argazkilaria arduratu da argazkiak mihise gainean inprimatzeaz.