Alvaro Romero munduko txapelduna da
Alvaro Romero snowboarder donostiarrak (Donostia, 2003) junior mailako Munduko Txapelketa irabazi du. Italiako Passo San Pellegrino estazioan lehiatu da, eta azkarrena izan da kanporaketa guztietan, final-zortzirenetatik finalera.
Romero pozik agertu da garaipenarekin: “Banekien egun gogorra izango zela, maila handia zegoelako, junior mailako txapelketa izanda ere. Dena eman dut, azkarrena izan naiz kanporaketa guztietan eta irabazi dut. Oso pozik nago. Denboraldia ez zen hasi nik nahi nuen moduan, baina uste dut ezin izango nuela hobeto bukatu”, adierazi dio Basque Team taldeari.
Txapelketa honez gain, Romero denboraldi honetan bigarren gelditu da Veysonnazko Munduko Kopako sailkapen absolutuan, Espainiako Txapelketa absolutua irabazi du eta Bakurianiko Munduko Txapelketan hamahirugarren postua lortu du.