Aste Santuan zabalik egongo dira Urgulleko liburutegia, Natur Txokoa eta Historiaren Etxea
Aste Santuko opor garaian zabalik egongo dira Urgull mendiko liburutegia, Natur Txokoa eta Historiaren Etxea. Historiaren Etxea apirilaren 1etik 16ra eta Liburutegia eta Natur Txokoa 3tik16ra egongo dira zabalik, egunero. Natur Txokoan eta Liburutegian, gainera, jarduera bereziak antolatu dituzte. Eskaintzak, ohi bezala, aisialdia, kultura eta ingurugiroa uztartzen ditu.
Historiaren Etxea
Apirilaren 1etik 16ra egunero zabalik egongo da Urgullen Historiaren Etxea, 11:00etatik 19:00etara. Ondoren, urriaren 31ra bitarteko asteburu guztietan, larunbatetan eta igandeetan (estropada igandeetan salbu), ordutegi berarekin egongo da zabalik Donostiari Begira erakusketa. Apirilaren 21etik aurrera, erakusketaren bisita gidatuak gehituko zaizkio eskaintzari, ostiralero, 17:00etan euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz. Bisita horiek doakoak izango dira, eta beharrezkoa izango da aurrez erreserbatzea, museoaren webgunearen bitartez -bisita eguna baino bi egun lehenago arte-.
Liburutegia
Liburutegia Damen Baterian dago kokatuta, eta apirilaren 3tik 16ra egunero irekita egongo da ordutegi honetan: 11:00-13:30 eta 16:30-18:30. Irakurtzeaz gain, haurrentzako jarduerak antolatuko dituzte, astelehenetan eta ostegunetan, 17:00etan.
Apirilaren 3an, Nazioarteko Haur Liburuaren eguna ospatzeko saio berezi bat antolatu dute bertan. Aroa eta mirariak izeneko ikuskizunaz gozatu ahal izango da Asier Kidam magoaren eskutik.
Gainera, astelehenero eta ostegunero, 17:00etan Ipuinaren Ordua ipuin kontaketa egingo dute, 5-8 urteko haurrentzako (heldurik gabe). Jardueraren helburua irakurketa sustatzea da, liburuetan idatzitako istorioak modu erakargarrian kontatuz, Lur Korta Taldearen eskutik.
Natur Txokoa
Natur Txokoa 16:30etik 18:30era egongo da irekita, eta bertaratzen direnek eskulanak eta denbora pasak egiteko aukera izango dute ordutegi horren barruan. Eta horrez gain, astearte eta asteazkenetan, 17:00etan, Urgull mendian zehar jarduera bereziak izango dira.