Ehunka ikasle greban, erreformen kontra
Ikasle Abertzaleak antolakundeak deitu du mobilizazioetara, “hezkuntzaren desegiteari eta erreforma bidezko ofentsibari” aurre egiteko. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte mobilizazioak, eta, Donostian ere izan dira hainbat. Bai unibertsitatean eta baita institutuetan ere.
Enpresari handien hezkuntzak miseriara kondenatzen gaitu! leloa erabili dute gaurko grebarako: “Hezkuntza sistema enpresari handien menpe dagoen instituzio bat gehiago da gure gizartean, eta ikasleok gure azalean bizi ditugu horren ondorioak”. Ikasle Abertzaleek aldarrikatu dute “guztion ongizatea gutxi batzuen interes ekonomikoen gainetik jarriko duen hezkuntza”.
Ibaetako campusetik abiatu da Donostiako mobilizazioak, eta, Antiguako kaleak zeharkatu ostean, Ibaetan amaitu da berriz ere. Egunean zehar, hainbat pikete eta ekimen egin dira hirian zehar, eta, batez ere, institutuetan ere.
Ikasle antolakundearentzat, hezkuntza erreformak ikasleentzat “iruzur hutsak” dira eta, funtsean, “lan munduari erantzuteko konpetentziak barneratzeko” prozesua besterik ez dela salatu dute, “zer pentsatu behar dugun inposatzeraino”.
Segregazioarekin amaitzeko beharra nabarmendu dute Ikasle Abertzaleek, baina erakundeek hori dioten bitartean, zentro pribatuen biziraupena bermatzen dela salatu dute. Honen ondorioa, “ikasle txiroenak baztertzea” izango dela salatu dute.