Hiru talde donostiar, euskarazko disko onenaren MIN saria irabazteko lehian
Musika independentearen MIN sariak finalerdietan daude, eta epaimahai profesionalak bozkatu egin beharko du orain. 2022ko euskarazko diskorik onenaren kategorian, hiru talde donostiar daude finalerdietan: Arima Soul, Merina Gris eta Niña Coyote eta Chico Tornado. Sari banaketa maiatzaren 17an izango da, Mallorcan.
Arima Soulek taldearen izen bereko diskoa argitaratu zuen iaz, soul kutsu handikoa. Merina Grisek, aldiz, musika elektronikoa egiten du, eta Zerua orain diskoarengatik hautatu dute. Eta, Niña Coyote eta Chico Tornado bikoteari dagokionez, rock musika egin ohi dute, baina cumbia-surf estiloan murgildu dira estreinakoz, eta Niña Coyote eta Chico Tornado Vs Don Condor eta Ñora Alacrán diskoa kaleratu dute.
Beste kategoria batzuetan ere badira Donostiako artistak. Besteak beste, Antia Muiño urteko diskorik onenaren eta urteko jazz disko onenaren kategorietan hautatu dute, eta Izaro urteko artistaren kategorian.