Bidebietako etxebizitza baten enkantea saihesteko elkarretaratzea egin dute
Bidebietan bizi den Mari Carmen Portela bizilagunaren etxea enkantean jarri nahi du Luxenburgon egoitza duen Lsf11 Bosson Investments putre funtsak. Hori galarazteko, elkarretaratzea egin dute goizean Askatasunaren Hiribideko Sabadell banketxearen aurrean, Alokairu Benta Berri, Kaleratzeak Stop eta Inquilinos Azora plataformek deituta.
Portelak 69 urte ditu, 1.400 euroko alargun pentsioa du, eta etxea ordainduta dauka. Bera alaba Vanessak ostalaritzan egiten du lan, eta adingabeko seme bat du. Hori dela eta, kaltetuak pertsona “zaurgarriak” direla nabarmendu dute aipaturiko plataformek. Vanessak 2013ko uztailean 55.000 euroko mailegua sinatu zuen Sabadellekin, huts egin zuen negozio bat hasteko. 2022ko udaberrian, Sabadellek Bosson Investments funtsari saldu zion mailegu hori, demandarekin, eta hark, enkante eskaera egin zuen 2. zenbakiko Lehen Instantziako Epaitegian, 43.824 euroko zorragatik.
Gaur egin duten elkarretaratzean salatu dutenez, Sabadellek, 2018tik gaur egun arte, putre funtsei mailegu berankorrak saltzeagatik “19.000 euro baino gehiago” irabazi ditu. “Iaz, gainerako bankuek bezala, 859 milioi euroko irabazi historikoak izan zituzten, eta ez zuten zalantzarik izan 2020ko urrian, pandemian, hipoteka exekuziorako demanda aurkezteko, nahiz eta Vanessa 500 euroko kuota ordaintzen ari zen Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente batean sartu, eta ordaintzeari utzi. Behin egoera hori amaituta, ahal duena ordaintzen jarraitzen du gaur arte”, jakinarazi dute.
“Funts putreak hipotekadun berankorrak enkantean jartzeko eta etxetik botatzeko lan zikina egiteaz gain, estatuko eta EAEko etxejabe nagusiak ere badira. Alokairuaren merkatua kontrolatzen dute, prezioen igoerarekin espekulatuz edo kontratuak ez berrituz”, salatu dute plataformek.
Etxebizitza eskubidea defendatu dute, eta Portelarentzat eta bere alabarentzat bost urteko karentzia eskatu dute. Enkantea geldiarazten ez badute, plataformek elkarretaratzeak antolatzen jarraituko dutela adierazi dute, eta baita udalari bitartekaritza lanak egiteko eskatuko diotela ere.
Elkarretaratzean, Portelaz gain, kaltetutako beste abal emaile batzuk ere egon dira, Irungo Miguel Angel eta Donostiako Mari Mar eta Ramona, besteak beste. Horiez gain, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IUko zinegotziak eta LAB, ESK, CCOO, STEILAS, GEPE eta Caritas Altza-Larratxo sindikatuetako kideak ere bertan izan dira.