Egialai elkartea: pilota eta askoz gehiago
Egialai pilota elkartea sortu berri dute hainbat lagunek Egian, eta duela bi asteburu aurkeztu zuten. Elkarteko kideek diotenez, egitasmoak "oso harrera ona" izan zuen auzoan, eta dagoeneko hasi dira lehenengo ikastaroak prestatzen.
Auzoko hainbat talde hasi ginen beste auzo batzuetako frontoietara joaten: neska talde bat Loiolara palan jokatzera joaten hasi ginen iaz, mutil batzuk Egiako frontoiko erreserba ordainduta jolasten hasi ziren, beste batzuk Amaran eta haur batzuk Parte Zaharreko pilota elkartean dabiltza. Orduan, hasi ginen planteatzen zerbait egin behar genuela, bildu ginen eta erabaki genuen pilota elkarte bat sortzea». Hala laburbildu du Egialai Egiako pilota elkarteko kide Ane Aldasorok elkartearen sorrera. Pertsona askoren beharrak batzetik sortu zen elkartea, baina Ibonek, elkarteko beste kide batek dio «auzo baten beharrak» direla: «Martutene eta Egia dira frontoi irekirik ez duten auzo bakarrak, eta hemen zaletasuna egon badago». «Auzoko kirol eskaintza zabaldu nahi dugu, dena ez delako futbola edo eskubaloia [barrez]», gaineratu du elkarteko kide Eneka Alvarezek.
Horrela, elkartea egituratzeko lanean hasi ziren iaz, eta dagoeneko auzoan aurkeztu dute, martxoaren 18an egin zuten egun osoko festarekin: hainbat pilota modalitatetako jolasak goizean, bertso bazkaria Arrano elkartean (90 bat lagun bildu ziren) eta partidak arratsaldean.
Elkartekoek diotenez, «oso harrera ona» izan zuen elkarteak auzoan: «Adin guztietako jendea etorri zen, eta, jendea oso interesatua eta laguntzeko prest agertu zen», dio Ibonek. Bazkidetze kanpaina oraindik ofizialki abiatu ez badute ere, festaren egunean bazkide egiteko aukera jarri zuten, eta Alvarezek dioenez, 60 pertsonatik gora bazkide egin ziren egunean bertan. Ez zuten horren babes handia jasotzea espero, eta, horregatik, «oso eskertuta» agertu dira auzokideekin. Bestalde, asmoa dute laster bazkidetze kanpaina bere horretan egiteko, baina edonor bazkide egin daiteke dagoeneko, elkarteko edozeinekin harremanetan jarrita: «20 euro dira, eta txartel bat eta Egialai logoa daraman motxila bat ematen zaizu opari», azaldu du Alvarezek. Halaber, ikastaroetan izena ematean lehentasuna eta deskontua izango dute bazkideek.
Aurkezpen arrakastatsua eginda, hurrengo proiektuetara begira jarri dira dagoeneko Egialaikoak: «Haurrentzako zesta-punta ikastaroa egingo dugu Aste Santuan, eta maiatza edo ekaina aldera emakumeen pala ikastaroak egingo ditugu», azaldu du Aldasorok. «Hemendik ikasturte bukaerara, tenperatura hartu nahi dugu, ikusi benetan zenbat jendek nahi duen ikastaroetan parte hartu, eta abar. Eta, ondo legoke hurrengo ikasturtera begira ikasturte osoko plangintza bat egitea», gaineratu du Alvarezek. Halaber, Egialai hutsuneak betetzera datorrela nabarmendu du Ibonek: «Ez dugu zapuztu nahi orain dagoena. Parte Zaharrera doazen Egiako haurrak, jarraitu dezatela, guk ez dauden gauzak sortu nahi ditugu».
Pilotatik harago
Egialaikoentzat oso garrantzitsua da auzoaren babesa jaso izana, argi baitute elkartea pilotatik harago doala: «Erakutsi nahi dugu ez garela soilik pilotan jokatu nahi dugun hiru lagun. Elkartearen bidez sortu da bizilagun batzuek elkar ezagutzeko aukera; auzora duela gutxi iritsi diren askok elkartearen bidez lehen aldiz aurkitu dute auzoko egitasmo batean parte hartzeko aukera», azaldu du Alvarezek.
Horrez gain, elkartearen balioak oso argi dituztela nabarmendu du Alvarezek: «Hasieratik, erabaki genuen kluba euskalduna izatea (ikastaro guztiak euskaraz egitea, begiraleak euskaldunak izatea…), aisialdia euskaraz egitea bultzatzeko. Halaber, oso argi genuen emakumeen kirolari heldu nahi geniola modu politiko batean, kirolak ekartzen duelako nesken arteko ahizpatasuna, aktibatzea eta ahalduntzea».
«Argi daukagu, baita ere, elkarteak auzoko gauzetan eragina izan behar duela, ez duela elkarte independente bat izan behar. Auzoko borroketan sartzea garrantzitsua iruditzen zaigu», gaineratu du Ibonek. Halaber, ziur daude auzoko beste eragileekin batera proiektuak egingo dituztela: «Mendi elkartearekin, adibidez, antolatu dezakegu irteera bat Sarara, mendian pixka bat ibili eta zestak nola egiten diren ikusi edo Iparraldeko frontoiak ezagutu».
Frontoi ireki baten alde
Elkarteak Egian izandako harrera onaren arrazoietako bat argi dute Egialaikoek: «Atxikimendu hori lotuta dago aurretik auzoan frontoiaren erabileraren inguruan egin den lanketarekin. Guk ezingo genuke proiektu hau aurrera eraman aurreko belaunaldiek egindakoa gabe», aitortu dute.
Izan ere, Egiako frontoia kiroldegian dago, eta auzoaren aspaldiko aldarrikapena da pilotalekuaren erabileraren ingurukoa. «Oso garestia da. Ordubetez alokatzeak 16 euro balio du, eta ez baduzu Internet bidez erreserbatzen argia ere ordaindu behar duzu, beraz, 20 eurotan jartzen zara. Eta, horri bakoitzaren sarrera gehitu behar zaio», azaldu du Ibonek. «Horri buelta bat eman nahi diogu, ez da posible lagun batzuekin pilotan ibiltzeko horrenbeste ordaindu behar izatea», gehitu du Alvarezek.
Horregatik, kirol patronatuarekin eta pilota federazioarekin harremanetan daude, eta udalarekin ere hitz egiteko asmoa dute, frontoiaren erabilerari irtenbide bat emateko. Zentzu horretan, hainbat aukera mahai gaineratu dituzte: deskontua egitea, elkarteak ikastaroetarako behar dituen orduak erreserbatzea, eta abar. «Guk Egian euskal pilota sustatzeko lanean jarraitu behar dugu, eta ea horren bidez udaletik ikusten duten hemen behar bat dagoela eta frontoia erabiltzeko erraztasun gehiago ematen dizkiguten», nabarmendu du Ibonek.
Gainera, pilotalekua irekiagoa izatea auzoko haurrentzat eta euren gurasoentzat ere onuragarria izan daiteke, Alvarezen aburuz: «Frontoia irekitzeak eguneroko behar bati erantzun ahal dio. Izan ere, euria egiten duenean zergatik ezin dira haurrak frontoian egon jolasten, Plaza Haundin egon ordez?».