"Gustatuko litzaidake nire jatetxe propioa izatea, oxala!"
Duela ia hiru urte iritsi zen Mohamed Zazy (Taroudant, Maroko, 1995) Donostiara. Pixkanaka, jendea ezagutzen joan zen, gaztelania ikasi zuen, eta lana eta ikasketak uztartzen ditu orain. Beraz, denbora libre askorik ez dauka, baina tarte bat egin digu, eta Tabakaleran elkartu gara, bera Intxaurrondon bizi bada ere. Janaria izan da elkarrizketaren gai nagusietako bat; alde batetik, sukaldari lanetan dabilelako, eta, bestetik, ramadan bete-betean dagoelako.
Mohamed Zazy. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Amarako taberna ezagunenetako bat da Easo plazako La Bodeguilla, eta asko dira han tortilla pintxoa eskatzen dutenak; bada, Mohamed Zazy da tortilla horiek egiten dituena: «Goxoak egiten ditut, behintzat hori esaten dit mundu guztiak. Eta, tortillez gain, bizkotxoak ere egiten ditut tabernan».
La Bodeguillako tortilla dastatu duen edonork antzemango zuen Zazyk trebetasuna duela sukaldean, baina, dioenez, pixkanaka ikasten joan da: «Etorri aurretik, kozinatzen banekien, baina hemen askoz gehiago ikasi dut. Tortillak egiten, adibidez, hemen ikasi dut». Goizean, taberna ireki aurretik hasten da bere lanaldia, taberna irekitzerako tortillak prest egon daitezen. Ondoren, eguerdian itzultzen da, arratsaldekoak prestatzera.
Lagun baten bidez lortu zuen sukaldari lana: «Neska bat ezagutu nuen, Oihana, eta bera askotan joaten zen kuadrillarekin La Bodeguillara. Ni beraiekin joan ohi nintzen kafea hartzera, hitz egitera, eta abar. Horrela, pixkanaka, tabernako jendea ezagutzen joan nintzen, eta, azkenean, nagusiak han lan egiteko aukera eskaini zidan». Hori da bere lan nagusia, baina beste lan bat ere badauka: «Amarako emakume baten etxera ere joan ohi naiz, eta behar duenean laguntzen diot».
Horrez gain, lana ikasketekin uztartzen ari da: «Arratsaldez, Bidebietako Helduen Heziketa Ikastetxera [HHI] noa, DBHko titulua lortu nahi dudalako». Aitortu duenez, «ez da erraza ikasketak lanarekin uztartzea», baina «ondo» dabilela nabarmendu du. «Ategorrietako HHIn gaztelania ikasten ari nintzenean animatu ninduten DBHko titulua ateratzera», gaineratu du.
DBHko ikasketak bukatzean zer asmo duen galdetuta, «iritsiko dira gauza berriak» erantzun du, baina argi dauka hemen gelditzeko asmoa duela: «Ikasten ari naiz, lanean nabil, lagunak ditut hemen… Bizitza bat daukat hemen». Gainera, sukaldean trebea dela ikusita, adierazi du ondo legokeela bere ostalaritza proiektu propioa garatzea: «Zergatik ez? Gustatuko litzaidake, oxala!».
Intxaurrondo du bizileku
Intxaurrondo auzoan bizi da Zazy, bi pisukiderekin. «Maria izeneko neska bat ezagutu nuen, eta Aiert eta Elena bere lagunak ziren. Mariari galdetu nion ea bazekien non alokatu nezakeen logela bat, eta esan zidan Aiertek eta Elenak logela bat libre zutela. Horrela ezagutu genuen elkar», kontatu du. Hala ere, ez du bizitza asko egiten Intxaurrondon: «Tabernaren batean kafea hartu dezaket, baina ez naiz asko ibiltzen handik. Gehiago ibiltzen naiz Grosetik edo Gipuzkoa plaza ingurutik, eta Artzain Oneko liburutegira ere joaten naiz, ikastera, libururen bat irakurtzera eta lasai egotera».
Tabakaleran elkartu gara, baina, dioenez, ez dauka handik ibiltzeko ohitura handirik, «polizia asko egoten delako». Hain zuzen ere, jatorri atzerritarreko herritar gazteekin lan egiten duen Darkum elkarteak, berriki, Emozioen Mapa osatu du, eta bertan islatu dute gazte horiek hiriko espazio desberdinetan sentitzen dutena. Bada, sentimendu negatiboen (haserrea eta beldurra edo segurtasun eza, nagusiki) ia erdia Tabakalera inguruan pilatzen dira, eta txostenean jasotzen denez, Poliziak beraiekiko duen jarrera da hori gertatzeko arrazoi nagusietako bat.
Hasiera gogorra
«Beti asko bidaiatu izan dut, eta bidaietako batean Donostiara iritsi nintzen, gustatu zitzaidan eta gelditzea erabaki nuen. Aurretik, urtebetez Murtzian [Espainia] egon nintzen, baina gero Donostiara etorri nintzen eta hemen gelditu nintzen», kontatu du Zazyk. Duela ia hiru urte izan zen hori, eta denbora batez kalean bizi behar izan zuela gogoratu du: «Hiru hilabetez, kalean egon nintzen, eta oso gogorra da».
Dioenez, «bakar-bakarrik» iritsi zen Donostiara, baina, pixkanaka, jendea ezagutzen joan zen: «Jendeak ezagutu egin behar zaitu konfiantza hartzeko, aurreiritziak daude, eta abar. Baina bueno, pixkanaka jendea ezagutzen joan nintzen, eta ezagutu nuen lehenengo pertsonetako bat Oihana izan zen».
Kontatu duenez, SOS Arrazakeriaren bidez ezagutu zuen Oihana: «Norbait behar nuen gaztelania ikasteko, eta SOS Arrazakeriakoekin ibiltzen nintzenez, gaztelania ikasteko laguntza eskatu nien. Orduan, esan zidaten Oihana izeneko neska bat nirekin harremanetan jarriko zela, gaztelania irakasteko. Horrela ezagutu genuen elkar». Gerora, bere kabuz ere jendea ezagutzen joan da Zazy: «Kaletik, meskitan, eskolan, eta abar. Bestelako jarduerak ere egiten hasi nintzen; esaterako, antzerkia egiten aritu nintzen Amara Berrin».
Zazyren familia Marokon dago, eta «dezente» hitz egiten badute ere, «gogorra da familia urrun izatea», nahiz eta «ohituta» dauden. Hala ere, pozik agertu da, udan familia bisitatzera joango delako: «Zazpi urte daramatzagu elkar ikusi gabe, eta hori denbora asko da. Beraz, gogo handia daukat familia ikusteko».
Ramadanean murgilduta
Ramadana egutegi islamiarreko bederatzigarren hilabetea da, eta baraualdiaren, otoitzaren, gogoetaren eta komunitatearen hilabetea da musulmanentzat. Besteak beste, egunsentitik ilunabarrera baraualdia egitean datza. Aurtengoa joan den asteko ostegunean hasi zen, eta apirileko hirugarren asteburuan bukatuko da; beraz, ramadan bete-betean dago orain Zazy.
«Ohituta nagoenez, zerbait normala iruditzen zait eta ondo daramat. Ordea, jendeari zaila iruditzen zaio egun osoa jan gabe pasatzea», azaldu du. Halaber, beraientzako oso garrantzitsua dela nabarmendu du: «Guretzat, zerbait oso sakratua da ramadana. Iristen denean, gozatzen dugu: giroa, janaria, ingurukoekin elkartzea jateko, meskitara joatea otoi egitera… Eta, azken egunean, festa handi bat egiten dugu. Herrialde musulmanetan, familiak otoi egitera joaten dira, eta beste familia batzuekin elkartzen dira jateko».
Ilunabarrean familiak elkartu ohi dira eguneko baraualdia mozteko, baina Zazyren kasuan, gehienetan bakarrik egin ohi du otordua: «Eguzkia ezkutatu baino ordubete edo ordu eta erdi lehenago, janaria prestatzen hasten naiz, eguzkia ezkutatzen denean jaten hasi ahal izateko. Normalean, nik bakarrik egiten dut, baina pisukideren bat etxean badago, batzuetan nirekin egoten dira. Beste batzuetan, Herrerako meskitara joaten naiz, han ere janaria egoten delako».
Pasa den larunbatean, modu berezian hautsi zuen barauldia Zazyk, Amara Berriko Kaleko Afari Solidarioak taldearen lehenengo urteurrenaren festara joan baitzen: «Oso giro ona egon zen. Gainera, kuskusa egin zuten, eta oso ona zegoen!».

"Askotan, ez zara zure herrialdetik kanpo sentitzen"
Marokoko Taroudant eskualdeko herri batean jaio zen Mohamed Zazy, herrialdearen hegoaldean. Nekazaritza sektore indartsua da eskualde horretan, eta, hain zuzen ere, bere aitak lurra lantzen duela kontatu du: «Etxerako produktuak landatzen ditu. Denetarik dauka: almendrak, intxaurrak, eta abar».
Dioenez, «herri txiki bat» da berea, «oso lasaia»: «Natura asko dago, errekak eta mendiak daude, eta jendea hirian baino lasaiagoa da».
Kultur talka handirik ez
Zazyren arabera, Marokotik hona etortzean ez zuen kultur talka handirik nabaritu: «Maroko Espainiatik nahiko gertu dagoenez, ez da hain desberdina gure kultura eta hemengoa. Gauza asko ere antzekoak dira: besteak beste, klima eta janaria».
Donostian, jatorri marokoarreko 1.178 lagun bizi dira, Donostiako Udalaren 2021eko datuen arabera (2022koak oraindik ez dituzte argitaratu). Hain zuzen ere, jatorri atzerritarreko herritarren artean, hirugarren ugarienak dira jatorri marokoarrekoak, soilik hondurastar (2.208) eta nikaraguar (1.882) jatorrikoen atzetik.
Marokoarrez gain, beste herrialde batzuetatik etorritako musulmanak ere badaude Donostian, eta, hain zuzen ere, hainbat herrialdetako pertsonekin harremana duela azaldu du Zazyk: «Askotariko jendea ezagutzen dut: Pakistangoa, Aljeriakoa, Marokokoa, eta abar». Komunitate zabal hori izatea lagungarria dela nabarmendu du: «Jende musulman asko dagoenez, askotan ez zara zure herrialdetik kanpo sentitzen. Bilbon, adibidez, gure kulturako jatetxe eta denda asko daude, eta batzuetan ematen du zure herrialdean zaudela. Gustatzen zait halako jatetxeetara joatea».
Bestalde, Donostian gertakari islamofobo larririk pairatu ez duela kontatu du Zazyk: «Orokorrean, hemengo jendeak errespetatzen gaitu, eta guk ere errespetatzen ditugu hemengoak. Leku guztietan dago errespetatzen ez duen jendea, hori bai. Bakoitzak bere bizitza egin dezala, elkar errespetatu dezagun eta elkarrekin bizi gaitezen, bakean».






