Hiriko 1.132 establezimendutan egingo dute 'Euskaraz barra-barra' kanpaina
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak, Hiruko Itunaren barruan, Euskaraz barra-barra marka aurkeztu dute gaur Donostian egindako ekitaldian. Marka berri honek merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzen ditu.
“Kontsumitzailea erdigunean jarri” eta “estres linguistikoa murrizteko” helburuarekin, Euskal Herri osora zabalduko da egitasmoa. Euskara gaitasuna identifikatuko eta aitortuko duen marka bateratu da, euskararen lurralde guztietara zabalduko dena.
Euskaraz barra-barra ikurraren helburua da bezero euskaldunei adieraztea euskaraz egiteko aukera dutela ikurra duten establezimendu edo entitateetan izan ere, marka duten guneetan bermatuta egongo da euskaraz ulertzeko gaitasun nahikoa dagoela uneoro.
Donostian 1.132 establezimendu
Duela hilabete batzuk hasi zen Euskaraz barra-barra marka garatzeko prozesua. Guztira 3-6 hilabete arteko proba denbora honetan Donostia, Oarsoaldea, Andoian, Laudio eta UEMAren barneko herrietako 1.644 establezimendutan ezarri da Euskaraz barra-barra marka bateratu berria pilotatze-fasean:
- Donostia: 1.132 establezimendu.
- Oarsoaldea: 113 establezimendu.
- UEMAko herriak: 265 establezimendu.
- Andoain: 52 establezimendu.
- Laudio: 82 establezimendu.
Eneko Goia Donostiako Alkateak azaldu duenez, euskal hiztunen “estres linguistikoa gutxitu eta euskaraz egiteko eskubidea” bermatzen du egitasmoak. Beraz, Goiaren ustez, “ona da bezero euskaldunentzat baina baita merkatari eta ostalarientzat ere, komunikazioa hobetzen laguntzen dielako eta bezero euskaldunen hizkuntza premiak asebetetzen dituelako”.