Ikatz kaleko bizilagun batzuk "nazkatuta" daude
Parte Zaharreko Ikatz –Juan de Bilbao– kaleko bizilagun batzuek pankartak jarri dituzte "bizi duten egoera" salatzeko.
Bizilagunek ohar bat plazaratu dute “nazkatuta” daudela adierazteko. “Gaueko aisialdirako hamar taberna ditu kaleak 100 metro eskasetan. Jasaten dugun zarata, jende pilaketa eta kale zurrutaz nazkatuta gaude”, nabarmendu dute.
Udalaren jokabidea kritikatu dute, ez dituztelako aintzat hartu arau hausteek eragindako salaketak: “Hala nola, alkohol kontsumo masiboa, ixteko ordutegiak ez betetzea, tabernetako leiho eta ateak irekita izatea, zarata, jabetzaren hondaketa, bizilagunok atarietan sartzeko zailtasunak, irainak eta erasoak hutsaren hurrengoa balira bezala, egoera hobetzeko inongo proposamenik eskaini gabe”. Salaketa horiek artxibatu egin dituztela salatu dute: “Hiritar kexatiak artxibatu nahi dituzten moduan, ikusezin bihurtu, festa giroa zapuztera datozelako”.
Ikatz kaleko “arazoa” bizitegi eremu bat “merkatu eremu” bihurtu izanaren ondorioa dela diote. “Ondorioz bizilagunen eskubideak alboratuta gelditu dira interes pribatuen mesedetan eta espazio publikoa usurpatuta bizilagunen behar eta eskubideekin bateraezina den aisialdi eredu bat bultzatzen duten enpresa partikularren onurarako”, azaldu dute.
Kexu diren bizilagunek bilerak egin dituzte udal ordezkariekin eta alkatearekin, baina jakinarazi dute ez dutela inolako proposamen zehatzi jaso “arazoa konpontzen saiatzeko”. “Udalak ditu, ordea, egoera konpontzeko behar diren lege, erakunde eta hirigintza tresna guztiak, baina horretarako borondatea ezinbestekoa da”, ohartarazi dute. Oposizioko udal taldeen jarrera ere kritikatu dute bizilagunek: “Gai izango ote dira edo ausartuko ote dira bizilagunak defendatzeko mota guztietako interesen aurrean?”.