Moto gidari bat hil da Mirakruz gainaren inguruan gertatutako istripu batean
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, 08:30ak aldera, istripu larri bat gertatu da Mirakruz gainaren inguruan, eta 20 urteko moto gidari bat hil egin da. Ategorrietako erlojua pasatu eta metro gutxitara, Ulia hotelaren parean gertatu da istripua, Bidebietako norabidean. Udaltzaingoak ikerketa ireki du istripuaren arrazoiak argitzeko.
Hainbat hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, motoa sigi-saga zebilen autoen artean, autoetako batekin talka egin du eta talkaren ondorioz, moto gidaria hainbat metro urrutiago erori da. Han bertan artatu dute moto gidaria, baina, azkenean, hil egin da. Zirkulazioa moztuta egon da goizean Bidebietako noranzkoan, baina dagoeneko ireki dute.
2023an Donostian hildako bigarren moto gidaria da. Aurrekoa martxoaren 17an gertatutako istripu batean zendu zen, GI-20 errepidean, Garbera inguruan.