Parte Zaharreko kale batzuk lorez apainduko dituzte
Apirilaren 1etik 10era bitarte, BaLoratu egitasmo pilotua egingo dute Parte Zaharreko Kale Nagusia, Narrika eta San Jeronimo kaleetan. Donostiako Sustapenak antolatu du Zaharrean merkatarien elkartearekin eta San Sebastian Shops-ekin batera.
Jarduera nagusiak ondorengoak izango dira. Askotariko lore konposizioak konbinatuz kaleak lorez apainduko dituzte. Auzoko 35 saltoki baino gehiagok euren produktuak kale publikoan erakutsiko dituzte, zuzeneko emanaldiak egingo dituzte kaleak girotzeko eta argazki lehiaketa bat egingo dute.
Egitasmoa Donostia Open Dendak proiektuaren barruan sartuta dago. Harrera neurtzeko asmoz, Parte Zaharrean sentsoreak jarriko dituzte jendearen joan-etorriak eta oinezkoen fluxuak datutan biltzeko. Horrez gain, proiektuaren finantzaketari esker, mota horretako jarduerak erreplikatu ahal izango dira Donostiako hainbat auzotan.
“Europako funtsek %80 finantzatu dute proiektu pilotua. Helburu nagusia da erosketa berezi, atsegin eta erakargarrien ibilbideak sortzea da, tokiko negozioen jarduera bultzatzeko. BaLoratuk Parte Zaharreko merkataritza guneetara doazen bisitarien esperientzia hobetzen lagunduko du, kaleak lorekin edertuz eta merkataritza gune irekiaren sentsazioa sorraraziz”, adierazi du Marisol Garmendia Garapen Ekonomiko eta Enpleguko zinegotziak.